12/2002 Legea, maiatzaren 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomi Ituna onetsi duena

Arau fiskala2002
Aurkibidea

12/2002 Legea, maiatzaren 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomi Ituna onetsi duena

(EAO 124. zk., 2002ko maiatzaren 24koa)

JUAN CARLOS I.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusi eta ulertzen duten guztiei.

Jakin ezazue: Gorte Nagusiek lege hau onetsi dute eta nik berretsi egin dut.

ZIOEN AZALPENA

Ekonomi Itunaren marko juridiko-positiboaren oinarria Konstituzioaren lehen xedapen erantsian dago; honen bitartez Konstituzioak babesa eta begirunea eskaini dizkie foru lurraldeen eskubide historikoei, eta foru araubidea, oro har, aldiro eguneratu dadila agindu du, Konstituzioaren beraren eta Autonomia Estatutuaren esparruan eguneratu ere.

Konstituzioaren agindua betez, eremu horretako abiaburu nagusia ezarri zuen Euskadiko Autonomia Estatutuak, abenduaren 1 8ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onetsiak. Euskadiko lurralde historikoetako erakunde eskudunek, abiaburu horretatik, bakoitzak bere zerga-sistema ezarri, zaindu eta araupetu ahal dute.

Foru erakundeek zerga gaietan duten ahalmena Euskadiko berezitasunaren osagai material gisa gauzatu ahal dadin, ordea, behar bezala antolatu behar dira Estatuaren eta Euskadiren arteko finantza eta zerga harremanak. Arestian aipatutako Autonomia Estatutuak helburu horrekin xedatu zuenez, harremanok tradiziozko foru sistemaren bitartez araupetu behar dira, ekonomi itunaren edo hitzarmenen bitartez, hain zuzen ere.

Horren ondorioz, jakina, bi administrazioen artean finantza-fluxuak gertatzen dira eta halakoak jaso egin behar dira ekonomi itunean.

Hala, bada, maiatzaren 13ko 12/1981 Legeak Euskal Autonomia Erkidegoarekiko lehenengo Ekonomi Ituna onetsi zuen, eta iraunaldi mugatua ezarri zion, bi mila eta batgarren urteko abenduaren hogeita hamaika artekoa, Arabako probintziarekiko Itunari ezarri zitzaion bezala, Arabakoa hartu baitzen oinarri Euskadikoa egiteko.

Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomi Itun berriak, honako lege honen bidez onetsitakoak alegia, 1981eko Itunaren abiaburu, oinarri eta zuzentarau berberei eutsi die, azken hogei urteotako esperientzia kontuan izanik. Alabaina, sendotu egin dira itunaren aplikazioari begira segurtasun juridikoa areagotzeko bideak eta prozedurak.

Beste alde batetik, Ekonomi Itun berriari izaera mugagabea eman zaio, Konstituzioaren eta Autonomia Estatutuaren babesean irautea ziurtatuko dion esparru egonkorrean egokitu dadin. Hala ere, zerga-sisteman gerta litezkeen aldakuntzei egokitzeko bideak eman zaizkio.

Hori guztia dela-eta, bi administrazioek, elkar hartuta eta Euskal Autonomia Erkidegoarekiko lehenengo Ekonomi Ituna onesteko erabili zen prozedura bera erabilita, honako hau ezarri dute, eta Kuporako Batzorde Mistoak behar den erabakia onetsi du 2002ko martxoaren 6an.

Artikulu bakarra

Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomi Ituna onetsi da, Euskadiko Autonomia Estatutuari buruzko abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren berrogeita batgarren artikuluan aipatutako ituna, hain zuzen ere. Itunaren nondik-norakoak lege honen eranskinean daude.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Abenduaren 12ko 18/2001 Legeak, Aurrekontu Egonkortasunari buruzko Lege Orokorrak, azken xedapenetatik bosgarrenaren 2. idatz-zatian dioena aldatu egin da eta honela geratu da.

«Lege honetan xedatutakoa Euskal Autonomia Erkidegoari aplikatzeak, horren foru araubidea dela-eta, ez dio kalterik egingo Ekonomi Itunari buruzko Legean xedatutakoari.»

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Lege hau indarrean jartzen denean indarrik gabe geratuko dira harekin bat ez datozen xedapenak, haren maila berekoak edo beheragokoak izanez gero.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Lege honek Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango du indarra, baina ondoreak bi mila eta biko urtarrilaren batetik aurrera izango ditu.

Beraz, Espainiar guztiei, norbanako nahiz agintari, honako legea betetzeko eta betearazteko agintzen diet.

ERANSKINA

EKONOMI ITUNA

LEHEN KAPITULUA

ZERGAK

1 .ATALA

ARAU OROKORRAK

1. artikulua.

Lurralde historikoetako erakundeen eskumenak.

Bat. Lurralde historikoetako erakunde eskudunek -bakoitza bere lurraldean- zergaaraubidea mantendu, ezarri eta arautzeko ahalmena izango dute.

Bi. Lurralde historikoetako zerga-sistema osatzen duten zergak ordainaraztea, kudeatzea, likidatzea, ikuskatzea, berrikustea eta biltzea foru aldundiei dagokie, bakoitzari bereak.


2. artikulua.

Printzipio nagusiak.

Bat. Lurralde historikoek zerga-sistemarik ezarriko badute, sistema horietan honako printzipio hauek bete beharko dira.

Lehenengo. Elkartasunari begirunea zor zaio, Konstituzioan eta Autonomia

Estatutuan zehaztutako moduan.

Bigarren. Estatuko zergen egitura orokorra kontuan izan behar da.

Hirugarren. Estatuarekiko koordinazioa, zerga-sistemen harmonizazioa eta lankidetza sustatu behar dira, ekonomi itun honetako arauak betez.

Laugarren. Lurralde historikoetako erakundeen arteko koordinazioa, zerga-sistemen harmonizazioa eta elkarrekiko laguntza, Eusko Legebiltzarrak helburu horiek betetze aldera ematen dituen arauak betez.

Bostgarren. Estatu espainiarrak izenpetuta eta berretsita dituen nazioarteko itun edo hitzarmenen menpe egongo dira lurralde historikoak, eta gauza bera gertatuko da gerora beste halakoren bati atxikitzen bazaio.

Bereziki, lurralde historikoetako zerga-sistemak bat etorri behar du zergapetze bikoitza ekidite aldera Espainiak sinatuak dituen nazioarteko hitzarmenetan eta Europar Batasunak zerga-harmonizazioari buruz emandako arauetan xedatutakoarekin, eta halako hitzarmen eta arauak aplikatzearen ondorioz itzulketak egitea onartu behar du, bidezkoa denean.

Bi. Zergei buruzko Lege Orokorrean zerga-arauak ulertzeko ezarritakoaren bidetik ulertu behar dira ekonomi itun honetako arauak.


3. artikulua. Zergak harmonizatzea.

Zerga-arauak sortzeko orduan, lurralde historikoek.

a) Terminologia eta kontzeptuak Zergei buruzko Lege Orokorraren arabera egokitu behar dituzte, ekonomi itun honetan ezarritako berezitasunak kontuan hartu behar badira ere.

b) Benetako zerga-presio orokorra Estatuko gainerako lekuetan dagoenaren parean mantendu behar dute.

c) Espainia osoan zehar mugitzeko eta edonon geratzeko askatasuna errespetatu eta bermatu egin behar dute, bai pertsonen kasuan, bai -mugitzeko askatasuna dela etaondasun, kapital eta zerbitzuen kasuan ere. Ezin da, beraz, bazterketarik gertatu; ezin dira enpresen lehiatzeko aukerak murriztu; eta ezin da baliabideen asignazioan distortsiorik eragin.

d) Jardueren sailkapenak direla-eta, abeltzaintza, meatzaritza, industria, merkataritza, zerbitzu, lanbide eta arte arloetan, lurralde erkidean erabiltzen den sailkapen berbera erabiliko dute, nahiz eta sailkapen zehatzagoa egiteko aukera eduki.


4. artikulua. Lankidetza-printzipioa.

Bat. Lurralde historikoetako erakunde eskudunek Estatuko Administrazioari jakinaraziko dizkiete zergen arloko arauak egiteko proiektuak, xedapenok indarrean jarri baino nahikoa denbora lehenago.

Estatuko Administrazioak jakinarazpen berbera egin behar die lurralde historikoetako erakundeei.

Bi. Nazioarteko akordioek ekonomi itun hau betetzeko orduan inolako eraginik baldin badute, akordio horietan Euskadiko erakundeen lankidetza ahalbidetzeko behar diren baliabideak jarriko ditu Estatuak.

Hiru. Estatuak eta lurralde historikoek, zergak kudeatu, ikuskatu eta biltze aldera eskumenez dagozkien zereginak betetzen dituzten bitartean, zerga horiek hobeto ordainarazteko beharrezkoak zaizkien datu eta aurrekari guztiak emango dizkiote elkarri, behar diren garaian eta eran. Hain justu, administrazio batak eta besteak.

a) Beharrezkoa duten informazio guztia emango diote elkarri, datuak prozesatzeko zentroen bitartez. Horretarako, behar den komunikazio teknikoa abiaraziko dute.

Urtero, zerga-mailako informatika-plan koordinatua egingo dute elkarrekin.

b) Ikuskaritza-zerbitzuek hainbat plan egingo dute, helburu, arlo eta hautaketajardunbide koordinatu jakin batzuk batera ikuskatzeko. Gauza bera egingo dute, gainera, egoitza aldatu duten zergadunekin, zerga-gardentasunaren araubidepeko erakundeekin eta zergak Sozietateen gaineko Zergan ageri den eragiketakopuruaren arabera ordaindu behar dituzten sozietateekin.

Lau. Estatuak eta Euskal Herriko erakundeek erabakiko dituzte informazioa trukatzeko prozedurak; prozedura horiek honako hauek egoki betetzen direla bermatuko dute: Estatuaren nazioarteko itun eta hitzarmenak, eta bereziki Europar Batasunetik datorkigun araudia, kooperazio administratiboari buruzkoa eta elkarri laguntzearen ingurukoa.


5. artikulua. Estatuarenak bakarrik diren eskumenak.

Honako eskumen hauek estatuarenak bakarrik dira.

Lehenengo. Zerga Berezien eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren barruan, inportatzeko eskubideak eta inportazio-kargak arautzea, kudeatzea, ikuskatzea, berraztertzea eta biltzea.

Bigarren. Ekonomi itun hau betetzen den begiratzea, goi-mailako ikuskaritza eginda. Horretarako, eginkizun hori duten Estatuko organoek, urtero, betebehar horren emaitzak azaltzeko txosten bat egin behar dute, Eusko Jaurlaritzaren eta foru aldundien laguntzarekin.

[…]

6. ATALA

OINORDETZA ETA DOHAINTZEN GAINEKO ZERGA

25. artikulua. Aplikatu beharreko arautegia eta zergaren ordainarazpena.

Bat. Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zerga itundutako zerga da eta araudi autonomoaren pean dago.

Lurraldea dela-eta eskumena daukan foru aldundiak ordainaraziko du zerga hori honako kasu hauetan:

a) “Mortis causa” eskuraketetan, eta bizitza aseguruen onuradunek aseguratuaren heriotzaren ondoren kopuruak hartzen dituztenean, baldin eta sortzapenaren egunean kausatzailearen ohiko egoitza Euskadin badago.

b) Ondasun higiezinen dohaintzetan, ondasun horiek Euskadiko lurraldean kokatuta baldin badaude.

Letra honetan xedatutakoa dela-eta, ondasun higiezinen dohaintzatzat hartuko dira Baloreen Merkatuaren uztailaren 28ko 24/1988 Legeko 108. artikuluan jasotako dohaineko balore-eskualdatzeak.

c) Gainerako ondasun eta eskubideen dohaintzetan, dohaintza-hartzaileak ohiko bizilekua Euskadin baldin badauka sortzapenaren egunean.

d) Zergapekoak egoitza atzerrian daukanean, baldin eta ondasun edo eskubide guztiak Euskadiko lurraldean kokatuta badaude, Euskadiko lurraldean erabil badaitezke edo Euskadiko lurraldean bete behar badira. Bizi-aseguruetako hitzarmenetatik lortutako kopuruen kasuan ere bai, hitzarmen hori egoitza Euskadin duten aseguru-erakundeekin egin bada, edo Euskadin egin bada bertan jarduten duten atzerriko erakundeekin.

Bi. Aurreko zenbakiko a) eta b) letretan jasotako kasuetan, foru aldundiek lurralde erkideko arauak aplikatuko dituzte, kausatzaileak edo dohaintza-hartzaileak egoitza Euskadin eskuratu zuenetik zerga ordaindu beharra sortu arte 5 urte baino gutxiago pasa badira. Autonomia Estatutuaren 7.2. artikuluaren arabera izaera politikoz euskaldunak izaten jarraitu dutenei ez zaie arau hori ezarriko.

Hiru. Agiri baten bidez dohaintza-emaile bakar batek dohaintza-hartzaile bati ondasunak edo eskubideak dohaintzan ematen badizkio eta, aurreko Bat idatz-zatiaren arabera, etekina lurralde erkidean eta Euskadiko lurraldean sortutakoa dela pentsatu behar bada, lurralde bakoitzari zein etekin dagokion jakiteko, bakoitzari dagozkion ondasun edo eskubideei (etekina nori aitortu zaion, hari dagokio dena delako ondasun edo eskubidea) batez besteko tasa bat aplikatu behar zaie, hain zuzen ere, transmititutako guztiei lurraldeko arauen arabera aplikatu beharko litzaiekeen batez besteko tasa.

Lau. Dohaintzak batu behar diren kasuetan, Euskadiri zein etekin dagokion jakiteko, dena delako momentuan transmititu diren ondasun eta eskubideen balioari batez besteko tasa bat aplikatu behar zaio, hain zuzen ere, ondasun eta eskubide guztiak batu ondoren lortzen den balioari Euskadiko arauen arabera dagokion batez besteko tasa.

Horretarako, batutako ondasun eta eskubide guztiak honako hauek izango dira. aurreko dohaintzetatik datozenak eta dena delako momentuan transmititzen direnak.

[…]

8. ATALA

ONDARE ESKUALDAKETEN ETA EGINTZA JURIDIKO

DOKUMENTATUEN GAINEKO ZERGA

30. artikulua.

Aplikatu beharreko arautegia.

Ondare Eskualdaketa eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga itundutako zerga da eta araudi autonomoaren pean dago, sozietate-eragiketetan, truke-letretan eta ordezko balioa edo igorpen-zeregina duten agirietan izan ezik; halakoetan arau erkideak beteko dira eta lurralde historikoetako erakunde eskudunen eginkizuna izango da aitorpen eta sarrera agirien ereduak onestea eta sarrera egiteko epeak jartzea likidazio-aldi bakoitzean. Dena dela, horiek guztiek ez dute alde handirik izango Estatuko Administrazioak ezartzen dituenekin.


31. artikulua.

Zergaren ordainarazpena.

Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga ordainaraztea dena delako foru aldundiari dagokio honako kasu hauetan:

1. Ondasun higiezinak kostu bidez eskualdatzen direnean eta alokatzen direnean, eta ondasun horien eskubide errealak —baita bermekoak ere— osatu edo eskubide horiek kostu bidez ematerakoan, ondasunok Euskadiko lurraldean kokatuta badaude.

Baloreen Merkatuaren uztailaren 28ko 24/1 988 Legeko 108. artikuluan jasotako kasuetan, baloreak eskualdatzen dituen erakundearen aktiboko ondasun higiezinak Euskadiko lurraldean badaude.

2. Ondasun higigarriak, aziendak eta kredituak kostu bidez eskualdatzerakoan eta horien gaineko eskubideak osatzerakoan eta eskubide horiek kostu bidez lagatzerakoan, baldin eta eskuratu behar dituena pertsona fisikoa bada eta ohiko bizilekua Euskadin badauka; edo, pertsona juridikoa bada eta Euskadin badauka zerga-egoitza.

Aurrekoa hala bada ere, honako bi salbuespen hauek jarri ditugu:

a) Akzioak, harpidetza-eskubideak, obligazioak, antzeko tituluak eta gainerako baloreak eskualdatzen direnean, eragiketa zein tokitan formalizatu den hartuko da kontuan.

b) Higigarrien hipoteka edo edukitza-aldaketarik gabeko bahia osatzerakoan edo tartean itsasuntzi edo aireuntziak dauden kasuetan, egintza horiek zein lurraldetan inskribatu behar diren hartuko da kontuan.

3. Mailegu soilak, fidantzak, higiezinez bestelako alokatzeak eta pentsioak osatu behar direnean, baldin eta mailegu-hartzailea, errentaria, fidantza-hartzailea edo pentsioduna pertsona fisikoa bada eta ohiko bizilekua Euskadin badu; edo pertsona juridikoa bada eta zerga-egoitza Euskadin badu.

Maileguak berme erreala duenean, berriz, hipotekadun ondasun higiezinak Euskadiko lurraldean badaude, edo lurralde horretan inskribatu badaitezke higigarrien hipotekak edo edukitza-aldaketarik gabeko bahiak.

Mailegu bat lurralde erkidean eta foru lurraldean kokatutako hainbat ondasun higiezinen gaineko hipotekarekin bermatuta badago, edo lurralde bietan inskribatu daitekeen higigarrien hipotekarekin nahiz edukitza-aldaketarik gabeko bahiarekin bermatuta badago, batzuei eta besteei egozten zaien erantzukizunaren araberako proportzioan ordainduko zaio zerga administrazio bakoitzari, edo, zehaztapen hori eskrituran beren beregi jasorik ez badago, ondasunen balio egiaztatuen araberako proportzioan.

4. Ondasunen administrazio-emakidetan, ondasun horiek Euskadin kokatuta baldin badaude; eta obrak burutu edo zerbitzuak ustiatu behar direnetan, baldin eta

Euskadin egiten edo eskaintzen badira. Arau horiek beroriek aplikatuko dira administrazio-emakidekin berdinesten direlako zergapean dauden administrazio egintza eta negozioetan ere.

Ondasunak ustiatzeko emakidak direnean, ondasunek Euskadiko lurralde-eremua gainditzen badute, Euskadiko lurraldean atzematen duten azaleraren arabera ordainduko da Zerga.

Obrak burutzeko emakidak direnean, obrek Euskadiko lurralde-eremua gainditzen badute, Euskadiko lurraldean egingo diren obren zenbatekoa kalkulatuko da eta horren arabera ordainduko da Zerga.

Zerbitzuak ustiatzeko emakidak direnean, Euskadiko lurralde-eremua gainditzen badute, Euskadiko lurraldeetako biztanleriek eta azalerek emakidak ukitzen dituen erkidego guztien azaleren eta biztanlerian zenbateko portzentajea egiten duten kalkulatuko da, hiru portzentajeen batezbesteko aritmetikoa aterakoa da eta horren arabera ordainduko da Zerga.

Euskadiko lurralde-eremua gainditzen duten emakida mistoak badira, aurreko hiru lerroaldeetan jasotako irizpideak emakidaren zati egokiari aplikatuko zaizkio eta emaitzaren arabera ordainduko da Zerga.

Euskadiko lurralde-eremua gainditzen duten administrazio emakidak badira, lurraldearen arabera eskumena duen foru aldundiak ikuskatuko du Zerga, baldin eta erakunde emakidadunaren zerga-egoitza lurralde horretan badago.

5. Sozietate-eragiketetan, honako gorabeheretariko baten bat nabari bada.

a) Erakundeak zerga-egoitza Euskadin eduki behar du.

b) Erakundeak sozietate-egoitza Euskadin eduki behar du, baldin eta benetako zuzendaritza-egoitza Europar Batasuneko kide diren estatuetakoren bateko beste zerga-administrazio bateko lurralde-esparruan ez badago; edo, hala egonik ere, estatu horrek ez baldin badu sozietate-eragiketa antzeko beste zergaren batekin kargatzen.

c) Erakundeak eragiketa batzuk Euskadin ere egin behar ditu, baldin eta benetako zuzendaritza-egoitza eta sozietate-egoitza Europar Batasuneko kide diren estatuetakoren bateko beste zerga-administrazio bateko lurralde-esparruan ez badago; edo, hala egonik ere, estatu horrek ez baldin badu sozietate-eragiketa antzeko beste zergaren batekin kargatzen.

6. Eskritura, akta eta notario-testigantzetan, baldin Euskadin baimendu edo ematen badituzte.

Aurreko lerroaldean jartzen duena bete egin behar bada ere, Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko karga-kuota gradualari lotuta dauden kasuetan ere zerga ordainaraztea dena delako foru aldundiaren lana izango da, baldin eta ondasunak edo egintzak inskribatu behar diren erregistroa Euskadiko lurraldean badago.

7. Truke-letra eta ordezko balioa edo igorpen-zeregina duten agirietan eta ordaindukoetan, bonoetan, obligazioetan eta antzeko tituluetan, Euskadin igortzen edo jaulkitzen badira; atzerrian igortzen badira, lehenengoz eduki dituenak ohiko bizilekua edo zerga-egoitza lurralde horretan baldin badauka.

8. Anotazio prebentiboetan, Euskadin kokatutako erregistro publikoetan egiten badira.

[…]

16. ATALA

KUDEAKETA ETA JARDUNBIDEKO ARAUAK

43. artikulua. Ohiko bizilekua eta zerga-egoitza.

Bat. Ekonomi itun honetan xedatutakoari begira, Euskadin bizi izaten diren pertsona fisikoek ohiko bizilekua Euskadin dutela pentsatzeko, ondoren aipatzen diren arauak aplikatuko dira, hurrenez hurren.

Lehenengo. Lurralde horretan zergaren ezarraldiko egun gehien ematea, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagokionez; sortzapen egunaren bezperan amaitzen den urtebeteko egun gehien ematea, urtearen edozein egunetatik hasita zenbatuta, Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergari, Ondare Eskualdaketa eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari eta Zenbait Garraiobideren gaineko Zerga Bereziari dagokienez.

Pertsona fisikoen ohiko egoitza, gainerako zergei dagokienez, dena-delako zergaren sortzapen egunean Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren ondoreetarako duten ohiko egoitza bera izango da.

Lurralde jakin batean pertsona batek zenbat denbora eman duen zehazteko, aldi batez kanpoan egon izana kontuan hartuko da.

Kontrako frogarik ez dagoen artean, pertsona fisiko bat Euskadiko lurraldean dagoela pentsatuko da bere ohiko etxebizitza bertan baldin badu.

Bigarren. Lurralde horretan baldin badu bere eginkizunen zentro nagusia; leku hori zein den jakiteko, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren ezarpenoinarriaren zatirik handiena zein lurraldetan eskuratzen duen ikusiko da; kasu honetarako, ez dira kontuan hartuko higigarrien kapitalak emandako errentak eta ondarearen gehikuntzak, ez eta zerga-gardentasunaren araubidean —profesionala alde batera utzita— egotzitako oinarriak ere.

Hirugarren. Lurralde horretan baldin badu aitortutako bere azken bizilekua, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren ondorioetarako.

Bi. Espainiako lurraldean bizi diren pertsona fisikoen kasuan, egutegiko urtean zehar ez badute lurralde horretan 183 egun baino gehiago egiten, Euskadiko lurraldean bizi direla joko da bertan baldin badute enpresa- edo lan-jardueren edo interes ekonomikoen gune nagusia edo oinarria.

Hiru. Dena delako pertsona fisikoa Espainian bizi dela uste baldin bada, ezkontidearekin legez banandu gabe dagoelako eta ezkontideak eta haren menpe dauden adin txikiko seme-alabek ohiko bizilekua Euskadiko lurraldean dutelako, pertsona fisiko horrek ohiko bizilekua Euskadiko lurraldean daukala joko da.

Lau. Ekonomi itun honen ondorioetarako, jarraian aipatuko direnek zerga-egoitza Euskadin dutela uste izango da.

a) Ohiko egoitza Euskadin duten pertsona fisikoak.

b) Pertsona juridikoak eta Sozietateen gaineko Zergaren menpean dauden gainerako erakundeak, Euskadin baldin badute sozietate-egoitza eta, betiere, sozietateegoitza horretan baldin badute zentralizatuta administrazio-kudeaketa eta negozioen zuzendaritza, edo bestela, kudeaketa edo zuzendaritza hori Euskadin egiten bada. Irizpide horiek erabilita egoitza non duten jakiterik ez badago, balio handieneko ibilgetua non daukaten hartuko da kontuan.

c) Establezimendu iraunkorrak, Euskadin egiten badute euren negozioen administrazio-kudeaketa edo zuzendaritza. Irizpide hori erabilita egoitza non duten jakiterik ez badago, balio handieneko ibilgetua non daukaten hartuko da kontuan.

d) Sozietate zibilak eta nortasun juridikorik gabeko izakiak, Euskadin baldin badute kudeaketa eta zuzendaritza. Irizpide hori erabilita zerga-egoitza non duten jakiterik ez badago, balio handieneko ibilgetua zein lurraldetan duten hartuko da kontuan.

Bost. Sozietateen gaineko Zergaren subjektu pasiboek eta erakunde ez-egoiliarren establezimendu iraunkorrek zerga-egoitzaren aldaketak bi administrazioei jakinarazi behar dizkiete, baldin eta egoitzaren aldaketak honako zerga ordainarazteko eskumenean aldaketaren bat badakar. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagokionez, zergaren aitorpena aurkeztea nahikoa izango da jakinarazpen hori egiteko.

Sei. Zergapekoen egoitza zein den erabakitzeko orduan administrazioen artean auziak sortzen baldin badira, Arbitraje Batzordeak konponduko ditu arazoak, zergapekoek diotena entzun ondoren. Arbitraje Batzorde hori ekonomi itun honen III. kapituluko 3. atalean dago araututa.

Zazpi. Lurralde erkidean edo foru lurraldean bizi diren pertsona fisikoek beren ohiko bizilekua lurralde horietako batetik bestera aldatzen baldin badute, zerga-betebeharrak bizileku berriaren arabera beteko dituzte aurrerantzean, bizileku berri hori lotura-puntua baldin bada.

Gainera, idatz-zati honetan aurreikusitakoagatik bizilekurik ez dela aldatu pentsatu behar baldin bada, pertsona fisikoek kasuan kasuko aitorpen osagarriak aurkeztu beharko dituzte, eta atzerapenek sortarazitako korrituak ere gehitu beharko dituzte.

Bizilekua aldatzearen helburu nagusia zerga gutxiago ordaintzea baldin bada, aldaketa horiek ez dute ondoriorik edukiko.

Bizileku berrian jarraian emandako denbora gutxienez hiru urtez luzatzen den kasuetan izan ezik, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren eta Ondarearen gaineko Zergaren ondorioetarako, aldaketarik ez dela izan pentsatuko da ondorengo inguruabarrak gertatzen direnean:

a) Bizilekua aldatzen den urtean edo hurrengoan, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren ezarpen-oinarria aldaketaren aurreko urtean zegoen ezarpenoinarria baino 100eko 50 handiagoa izatea, gutxienez. Zerga-ordainketa batera egiten denean, banakotzeari buruzko arauak erabiliz zehaztuko da.

b) Egoera hori sortzen den urtean, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren ondoriozko tributazio efektiboa aldaketa izan aurreko lurraldean aplikatu beharreko araudiagatik gertatuko litzatekeen tributazio efektiboa baino txikiagoa izatea.

c) Ohiko bizilekua berriz ere hasierako lurraldean edukitzea a) letran azaldutako egoera sortzen den urtearen hurrengoan, edo honen hurrengoan.

Zortzi. Kontrako frogarik egon ezik, pertsona juridikoen zerga-egoitza ez dela aldatu uste izango da baldin eta aldaketaren aurreko edo ondoko urtean batere jarduerarik egiten ez badute edo jarduerari uzten badiote.

Bederatzi. Administrazio interesatuetatik edozeinek zergadunaren egoitza aldaketa eragin ahal izango du. Administrazio horrek bere proposamena besteari helaraziko dio, jakin beharreko aurrekariak erantsita, eta bi hilabeteko epea emango dio egoitza aldaketari buruz duen iritzia azaltzeko eta egoitza aldatzen bada ondoreak zein egunetatik sortuko diren adierazteko. Besteak proposamenari baietza ematen badio, administrazio eskudunak zergadunari jakinaraziko dio.

Bi administrazioak ados jartzen ez badira ere, prozeduran aurrera jarraitu ahal izango da artikulu honetako Sei idatz-zatian azaldutako eran.

[…]

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapen bakarra

Zergei aplikatu behar zaizkien Ekonomi Ituneko arauak indargabetu edo aldatzeko aukera badago ere, horrek ez du aldaraziko administrazioek duten eskubidea lehenago sortutako zorrak aurretik zeuden lotura-puntuen arabera eskatzeko.