Aurkezpena

Forulege da Zuzenbidearen Euskal Akademiak euskal zuzenbide zibilari buruz garatu duen datu-basea. Euskal zuzenbide zibilaren oinarrizko kontzeptuak plazaratzea du helburu, ingurune digitala baliatuta.

Zuzenbidearen Euskal Akademiak, sorreratik bertatik, hau da, 2003. urtetik, helburu du, batetik, euskal zuzenbide zibilaren edukiak lanbidearen ikuspuntutik lantzea, eta, bestetik, euskal zuzenbide zibila ikusmira akademikotik aztertu eta ikertzea.

Forulege izeneko datu-baseak erabiltzailearen esku jartzen ditu euskal zuzenbide zibilaren arloan indarrean dagoen legeria, arlo zehatz horren inguruko jurisprudentzia, kasuan kasuko bibliografia eta eremu horretan erabilgarri gerta daitezkeen formularioak. Datu-baseak, orobat, galdera eta erantzunen atala (FAQ) eskaintzen dio erabiltzaileari. Bukatzeko, atal desberdinetara bildutako informazio guztia batera kontsulta daiteke, eta, horretarako, bilaketa-sistema desberdinak erabil daitezke: aurrenik, bilaketa-sistema librea balia daiteke; hurrenik, bilaketa-sistema azkarra aukera daiteke, aldez aurretik zehaztutako sarrerak bistaratuta; eta, azkenik, bilaketa gidatua erabil daiteke, horrek kontuan hartzen baititu, dela euskal zuzenbide zibilaren lurraldetasuna, dela zuzenbide horren agerpen zibilak nahiz fiskalak.

Ezaugarriak

Forulege ez da datu-base itxia, ezta hurrik eman ere. Guztiz irekita dago, eta gerogarreneko garapenek horixe erakutsiko dute. Zinez, Zuzenbidearen Euskal Akademiak bere gain konpromisoa hartu du, halako garapenak burutzeko, euskal zuzenbide zibilaren arloan erreferentzia izan nahi baitu akademiak.

Eduki berriak

Azken urteotan, bibliografiari sarrera berriak gehitu zaizkio, modu alfabetikoan eta gaien arabera sailkaturik. Orobat, bertaratu dira Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia zibila, euskal zuzenbide zibilari buruzkoa, eta ENZN eta DGSJFP delakoen ebazpenak, hasiera-hasieratik. Modu horretan areagotu dira jurisprudentziaren inguruko kontsultak egiteko aukerak, dela modu kronologikoan, dela modu sistematikoan. Judizioz kanpoko formularioak ere indartu dira, eta are gehiago sendotu da erabiltzailearekiko komunikazioa.

Ekarpen berri hauek egiteko, ezinbestekoa izan da Bizkaia Jaurerriko Abokatuen Bazkun Ohoretsuaren Euskal Zuzenbide Zibilaren Ikerlan Taldearen laguntza.

Parte-hartzaileak

Forulege webgunea hainbat parte-hartzaileren lan koordinatuaren emaitza da, guztiak ere Zuzenbidearen Euskal Akademiaren zuzendaritzapean. Zuzenbidearen Euskal Akademiaren lehendakaria, Andres Urrutia Badiola jauna, proiektuaren koordinazioaz arduratu da, betiere Zuzenbidearen Euskal Akademiaren zuzendaritza-batzak lan guztiak gainbegiratu dituela. Proiektua gauzatzeko, Bizkaia Jaurerriko Abokatuen Bazkun Ohoretsuaren Euskal Zuzenbide Zibilaren Ikerlan Taldeko kideek hartu dute parte: haiek arduratu dira jurisprudentzia eta bibliografia sistematizatzeaz eta datu-basean txertatzeaz, Jesús Fernández de Bilbao eta Jose Miguel Gorostiza abokatuen zuzendaritzapean.

Eskerrak ematea

Eskerrak emateko atal honetan, ezinbestekoa da Bizkaia Jaurerriko Abokatuen Bazkun Ohoretsuaren Euskal Zuzenbide Zibilaren Ikerlan Taldea aipatzea, Txemi Gorostiza Vicente jauna buru duela, bai eta Eusko Jaurlaritzaren Gobernantza eta Administrazio Publikoko Saila eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea (HAEE-IVAP) ere, Zuzenbidearen Euskal Akademiaren lanari etengabe laguntza ematen diotelako.