Bizkaiko Foru Barriaren V. mendeurrena dela-eta (1526-2026), Bilbok «Bizkaiko Foru Barriaren eragina, egungo ikuspegi juridiko eta herritar baten arabera» zikloa hartuko du azaroan: hiru jardunaldi, azaroaren 4an, 12an eta 19an, 1526ko testu hartatik gaur zer geratzen den eta XXI. mendeko zuzenbide publikoa, zuzenbide zibila eta hizkuntza-araubidea nola argi ditzakeen aztertzeko. Legelariek, magistratuek, notarioek, erregistratzaileek, unibertsitateko irakasleek eta euskaltzainek hitzaldiak, mahai-inguruak eta ponentziak eskainiko dituzte, eta hiru liburu eta hainbat erakusketa ere aurkeztuko dira.
Azaroaren 4a: Zuzenbide Publikoko Sinposioa
Bizkaiko Batzar Nagusiak (Hitzaldi Aretoa, Hurtado de Amezaga, 6, Bilbo), 9:00etatik 18:00etara. «Gizarte bidezko, hartzaile eta iraunkor baten esparruan foru edukia eguneratzeko ekimen juridiko berritzaileak» goiburuarekin, sinposioa Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak, Andrés Urrutia Badiola Zuzenbideko Euskal Akademiako lehendakariak eta José Ramón Intxaurbe Vitorica Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko dekanoak irekiko dute.
Lehen saioa, zuzenbide publikoaren arloko forutasunaren iraganari, orainari eta etorkizunari buruzkoa, Tatiana González San Sebastiánek moderatuko du. Santiago Larrazabal Basañezek Foru Barriak gaurko euskal gizartean gobernantza demokratikorako dituen «irakaskuntzez» hitz egingo du; Nere Jone Intxaustegi Jauregik eta Elixabete Piñol Olaetak, forutasunaz eta egoera ahulenean dauden kolektiboen babesaz; eta Fernando Rey Martínezek eta Joana Abrisketa Uriartek, foru berdintasunaz eta berdintasun eta diskriminazio ezaren printzipioaz, gizartea eraldatzeko iturri gisa.
Eguerdian, José Miguel Gorostiza Vicentek moderatutako mahai-inguruan, Batzar Nagusietako talde politikoetako ordezkariek —Julen Karrión Lamikiz (Euzko Abertzaleak), Edriga Aranburu Agirre (EH Bildu), José Mª Portillo Valdés (Euskal Sozialistak), Diego Pagadigorria Wicke (Talde Popularra) eta Roberto Uriarte Torrealday (Elkarrekin Bizkaia)— euskal autogobernuaren erronkez eztabaidatuko dute. Arratsaldean, José Ramón Intxaurbe moderatzaile dela, Alberto Atxabal Radak Bizkaiko Ogasunaren bilakaera aztertuko du, foru-fiskalitate inklusibo baterantz, eta Ignacio Javier Etxebarria Etxeitak, Bizkaiko udal foru sistematik euskal udal sistemarako bidea. Egunean zehar Euskal Zuzenbidearen Klasikoak bildumako 13. liburua, Fuero Nuevo de Vizcaya (1526), aurkeztuko da, eta gaiaren inguruko erakusgarri batzuk ikusgai egongo dira.
Azaroaren 12a: Zuzenbide Pribatuko Sinposioa
Bizkaiko Abokatuen Elkargoa (Uribitarteko Aldapak, 3, Bilbo), 9:00etatik aurrera. «Bizkaiko Foru Barria eta erakunde zibilak: 500 urteko gaurkotasuna» izenburupean, Elixabete Etxanobe Landajuela Bizkaiko ahaldun nagusiak, Andrés Urrutia Badiolak, Maite Morillo Quintanilla Bizkaiko Abokatuen Elkargoko dekanoak eta Ángel Félix Nanclares Valle Euskal Herriko Notarioen Elkargoko dekanoak irekiko dute.
Euskal kultura juridikoari eta forutasunari buruzko saioan, Igone Aretxaga González notarioak moderatuta, Andrés Urrutia Badiolak («betiko printzipioak, adierazpen berriak»), Borja Iriarte de Ángel EAEko Auzitegi Nagusiko magistratuak (forutasunaren lurralde- eta pertsona-aplikazioa) eta Gema Tomás Martínez katedradunak (norbanakoa Foruan eta euskal zuzenbide zibilean) hartuko dute hitza. Ondoren, Inmaculada Guantes Uriarte moderatzaile dela, familia eta oinordetzak landuko dira: Mª Paz García Rubiok (foru familiatik gaur egungo familiara), José Miguel Gorostiza Vicentek («Bizkaiko ondarea tronkalekoa da ala ez?») eta, «Askatasun zibilaren erreinuan» izenburupean, Jesús Fernández Bilbaok (komisario bidezko oinordetza), Javier Oñate Cuadrosek (oinordetza-ituna) eta Diego Mª Granados de Asensiok (nahitaezko oinordetza).
Arratsaldean, María López Prietok moderatutako mahai-inguruan, Mario Martínez de Butrón Martínezek, Alfonso Renteríak, Óscar Monje Balmasedak, Fco. Javier Osa Fernándezek eta José Javier García Rossek Bizkaiko foru zuzenbide zibileko zenbait erakunde gaurko euskal zuzenbide zibil eta fiskalera eguneratzeko proposamen zehatzak aurkeztuko dituzte. Egun horretan ere Fuero Nuevo de Vizcaya (1526) liburua aurkeztuko da, eta Euskal Zuzenbide Zibila erakusketa bisitatu ahal izango da.
Azaroaren 19a: Bizkaiko Foru zuzenbidea eta euskara
Euskaltzaindia (Plaza Barria, 15, Bilbo), 9:00etatik 13:45era. «Bizkaiko Foru zuzenbidea eta euskara: 500 urte elkar biziz» jardunaldia Leixuri Arrizabalaga Arruza Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuak, Andrés Urrutia Badiola euskaltzainburuak eta Elixabete Piñol Olaeta Zuzenbideko Euskal Akademiako buruordeak irekiko dute.
Foruari eta hizkuntza-zuzenbideari eskainitako atalean, Andrés Urrutia Badiolak euskara foru zuzenbidean aztertuko du, egungo errealitate jurilinguistikoaren argitan; Josu Erkoreka Gervasiok, foru zuzenbidearen eskubide linguistikoak historian zehar; eta Gotzon Lobera Revillak, Foruaren euskarazko testuaren ekarpenak. Bigarren atala, Igone Etxebarria Zamaioa Labayru Fundazioko zuzendariak aurkeztua, Foruari eta euskal letrei buruzkoa izango da: Adolfo Arejita Oñarte-Etxebarriak (Bizkaiko Foru zuzenbidea eta bizkaierazko klasikoak) eta Koldo Bijueska Basterretxeak (Bizkaiko Foru zuzenbidea eta euskararen susperraldia, Larramendirengandik gaur arte). Bi liburu aurkeztuko dira, Bizkaia 1526-2026. Foru-testuak euskaraz (Klasikoak bildumako 14. zenbakia) eta …Bizcaico porubac emoten deust escubidia… (MINOR bildumako 15. zenbakia), eta Euskaltzaindiaren Hitzak lege erakusketa ikusi ahal izango da.
Antolaketa eta izen-ematea
Bizkaiko Foru Barriaren V. mendeurreneko egitarauak (Bizkaiko Foru Barria 500), Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Zuzenbideko Euskal Akademiak babestu eta antolatu dituzte jardunaldiak. Honako hauek lagundu dute: Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuak eta haren Euskal Foru Zuzenbide Zibila Ikertzeko Taldeak, Euskal Herriko Notario Elkargo Txit Prestuak, Euskaltzaindiak, Euskal Herriko Erregistratzaileek, Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateak, DeustoCampusek, Deustuko Unibertsitateko Eztabaida Klubak eta Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko LEGEKINBERRI ikerketa-taldeak.
Sarrera dohainekoa da, aldez aurretik izena emanez gero, secretaria@avd-zea.com helbidean edo 944 255 715 telefonoan (Isabel). Egitarau osoa, ordutegi eta hizlari guztiekin, PDFan deskarga daiteke.

