Kode Zibila

Lege zibilaOrokorra1889
Aurkibidea

Kode Zibila

ATARIKO TITULUA

ARAU JURIDIKOAK, HORIEN APLIKAZIOA ETA ERAGINGARRITASUNA

I. KAPITULUA

Zuzenbidearen iturriak

1. artikulua

1. Espainiako antolamendu juridikoaren iturriak dira legea, ohitura eta zuzenbidearen printzipio orokorrak.

2. Ez dute baliorik izango goragoko lerruneko xedapenen bat urratzen duten xedapenek.

3. Ohiturak lege aplikagarririk izan ezean bakarrik eraenduko du, betiere moralaren nahiz ordena publikoaren aurkakoa izan ez eta ohitura hori frogatuz gero.

Usadio juridikoak borondate-aitorpenaren interpretazio hutsak ez badira, ohituratzat hartuko dira.

4. Zuzenbidearen printzipio orokorrak legerik edo ohiturarik izan ezean aplikatuko dira, printzipio horiek antolamendu juridikoa eratzeko duten izaerari kalterik egin gabe.

5. Nazioarteko itunetan jasotako arau juridikoak ez dira Espainian zuzenean aplikatuko barne antolamenduaren osagai bihurtu arte, arauok «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean oso-osorik argitaratuz.

6. Jurisprudentziak antolamendu juridikoa osatuko du, Auzitegi Gorenak legea, ohitura eta zuzenbidearen printzipio orokorrak interpretatu nahiz aplikatzean, behin eta berriz ezartzen duen doktrinaren bidez.

7. Epaile eta auzitegiek eginbehar desenkusaezina dute, kasu orotan, euren eskumeneko gaiak ebazteko, ezarritako iturri-sistemari helduz.


2. artikulua

1. Legeak indarrean jarriko dira «Estatuko Aldizkari Ofizial»ean oso-osorik argitaratu eta hogeigarren egunean, legeetan euretan besterik xedatu ez bada.

2. Geroko legeek bakarrik indargabetzen dituzte indarreko legeak. Indargabetzearen norainokoa beren beregi xedatuko da, eta indargabetze hori hedatuko da lege berrian gai berberari buruz aurrekoarekin bat ez datorren guztira. Lege bat indargabetze hutsagatik ez dira indarrean jartzen lege horrek indarrik gabe utzi zituenak.

3. Legeek ez dute atzera-eraginezko ondorerik izango, eurek aurkakoa xedatzen dutenean izan ezik.

II. KAPITULUA

Arau juridikoen aplikazioa

3. artikulua

1. Arauak euren hitzez-hitzezko esanguraren arabera interpretatuko dira, betiere, testuinguruari, aurrekari historikoei eta legegintzazko aurrekariei, eta arau horiek aplikatu behar diren garaiko gizarte-errealitateari lotuta, eta, batik bat, arauen espiritua eta xedea kontuan hartuta.

2. Ekitatea balioestekoa izango da arauak aplikatzean; hala ere, auzitegiek emandako ebazpenen oinarri esklusiboa ekitatea izan dadin, legeak beren beregi ahalbidetu behar du hori.


4. artikulua

1. Arauen aplikazio analogikoa bidezkoa izango da, arauok kasu zehatza arautu ez arren, horren antzeko beste bat arautzen dutenean, bi kasuon oinarria berbera dela.

2. Zigor-legeak, salbuespenekoak eta aldi baterakoak ez dira aplikatuko, eurok beren beregi jasotako kasuetan eta uneetan baino.

3. Kode honetako xedapenak ordezko moduan aplikatuko dira beste lege batzuek araututako gaietan.


5. artikulua

1. Besterik ezarri ezean, epeak egunetan finkatu badira zenbaketa egun zehatz batetik hasita, egun hori zenbaketatik kanpo geratu eta zenbaketa biharamunean hasiko da; epeak hilabeteetan edo urteetan finkaturik badaude, epeok datatik datara zenbatuko dira. Muga-hilabetean zenbaketaren hasierako egunaren parekorik ez dagoenean, epea hilaren azken egunean agortzen dela ulertuko da.

2. Epeen zenbaketa zibilean ez dira egun baliogabeak baztertzen.

III. KAPITULUA

Arau juridikoen eragingarritasun orokorra

6. artikulua

1. Legeak ez ezagutzeak ez du legeok ez betetzetik desenkusatzen.

Zuzenbideko okerrak legeek zehaztutako ondoreak besterik ez ditu izango.

2. Lege aplikagarria hala nahita baztertzea eta lege horretan aitortutako eskubideei uko egitea baliozkoak izango dira, bakarrik, interes edo ordena publikoa hautsi ez eta ez dietenean hirugarrenei kalterik egiten.

3. Aginduzko eta debekuzko arauen aurkako egintzak zuzenbide osoz deusezak dira, salbu eta arauotan urratze-kasuetarako bestelako ondorea ezarri denean.

4. Arau baten testuaren babespean burututako egintzak legeari maula eginez gauzatu direla ulertuko da, baldin eta egintzon helburua bada antolamendu juridikoak debekatzen duen edo antolamendu juridikoaren aurkakoa den emaitza lortzea; egintza horiek ez dute eragotziko saihestu nahi zen araua aplikatu beharra.


7. artikulua

1. Eskubideak onustearen eskakizunekin bat etorriz egikaritu beharko dira.

2. Legeak ez du babesten eskubideaz abusatzea, ezta eskubidea gizartearen aurka egikaritzea ere. Egite edo ez-egite orok, egilearen asmoarengatik, egite edo ez-egitearen helburuarengatik edo berori burutzeko inguruabarrengatik, begibistan gainditzen baditu eskubidea egikaritzeko muga arruntak, hirugarrenari kalte eginez, orduan, kalte-ordain egokia eman beharra dakar, eta abusuak jarraitzea eragotziko duten administrazio-neurriak nahiz neurri judizialak hartu beharko dira.

IV. KAPITULUA

Nazioarteko zuzenbide pribatuaren arauak

8. artikulua

1. Zigor-legeak, polizia-legeak eta herri-segurtasuneko legeak bete beharrekoak dira Espainiako lurraldean dauden pertsona guztientzat.

2. Ezabatua, Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen ondorioz.


9. artikulua

1. Pertsona fisikoen naziokotasunak eratortzen du haiei dagokien lege pertsonala. Lege horrek arautuko ditu gaitasuna eta egoera zibila, familiaren eskubideak eta eginbeharrak, eta heriotzaren ondoriozko oinordetza.

Lege pertsonala aldatzeak ez du eraginik izango aurreko lege pertsonalarekin bat etorriz eskuraturiko adin nagusitasunean

Ezkontideek, ezkontza egitean, lege pertsonal erkidea badute, lege horrek arautuko ditu ezkontzaren ondoreak; halako legerik izan ezean, ezkontideetatik edozeinen lege pertsonalak edo horren ohiko bizilekuari dagokion legeak arautuko ditu horiek, baldin eta ezkontideek lege hori aukeratu badute, ezkontzaren aurretik egindako agiri kautoan; eta, ezkontideek ez badute aukerarik egin, ezkondu osteko bizileku ohikoari dagokion legeak arautuko ditu haiek, eta, horrelako bizilekurik izan ezean, ezkontza non egin eta toki horretako legeak.


107. artikulua

n zehazturiko legeak arautuko ditu deuseztasuna, banantzea eta dibortzioa.

2. Ezkontzaren ondasun-eraentza hizpatu, aldarazi eta ordezteko, hitzarmen edo itunak egiten badira, horiek baliozkoak izango dira, ezkontzaren ondoreak arautzen dituen legearekin bat datozenean, edo itunok egitean alderdietatik edozeinek zein naziokotasun edo ohiko bizileku izan, eta naziokotasun edo bizileku horri dagokion legearekin bat datozenean.

3. Semearen edo alabaren lege pertsonalak, edo, hori ezin bada zehaztu, semearen edo alabaren ohiko bizilekuari dagokion legeak arautuko ditu, bai seme-alabatasunaren izaera eta edukia, adopzio bidezkoa barne, bai eta gurasoen eta seme-alaben arteko harremanak ere.

4. Betekizunei dagokienez, Espainiako legean xedatutakoak arautuko du Espainiako epaileek eratutako adopzioa.

Hala ere, adopziogaiaren gaitasunari eta beharrezkoak diren adostasunei dagokienez, adopziogai horren nazioko legea bete beharko da.

1) Adopziogaiak bere ohiko bizilekua Espainiatik kanpo duenean.

2) Bizilekua Espainian izan arren, adopzioaren bidez Espainiako naziokotasuna eskuratu ez duenean.

Adopzio-hartzaileak edo Fiskaltzak hala eskaturik, eta adopziogaiaren intereserako, epaileak agindu ditzake, orobat, adopzio-hartzailearen edo adopziogaiaren nazioko legeetan edo horren ohiko bizilekuari dagokion legean agindutako adostasun, entzunaldi nahiz baimenak.

Adopzioa eratzeko, Espainiako kontsulek eta epaileak eskumen berberak izango dituzte, baldin eta, adopzio-hartzailea espainiarra izanik, adopziogaiak kontsularen mugapean badu bere egoitza. Adopzio-hartzaileak azken bizilekua

Espainian non izan eta toki horretako herri-erakundeak egin beharko du aurretiazko proposamena. Azken bi urteetan adopzio-hartzaileak ez badu Espainian bizilekurik izan, ez da beharrezkoa izango aurretiazko proposamena; baina kontsulak adopzio-hartzailearen bizilekuko agintarien eskutik bilduko ditu adopzio-hartzaile horren egokitasuna balioesteko beste txostenak.

Adopziogaiaren legeak arautuko du agintari atzerritar eskudunak eratutako adopzioa, gaitasunari eta beharrezkoak diren adostasunei dagokienez. Lege horretan agindutako adostasunak eman daitezke adopzioaren eraketa zein herritan hasi eta herri horretako agintaritzaren aurrean; edo, geroago, beste edozein agintaritza eskudunen aurrean. Espainiar bat adoptatzeko, hala denean, nahitaezkoa izango da adopziogaiak Espainian azken bizilekua non izan eta bizileku horri dagokion herri-erakundearen adostasuna.

Espainian ez da adopzio gisa aitortuko adopzio-hartzaile espainiarrak atzerrian eraturikoa, baldin eta horren ondoreak ez badatoz bat Espainiako legerian ezarritakoekin. Era berean, herri-erakunde eskudunak adopzio-hartzailearen egokitasuna adierazten ez duen bitartean, halakoa ez da adopzio moduan aitortuko, adopzio-hartzaile hori espainiarra bada eta horrek Espainian badu bere egoitza adopzio-unean.

Atzerriko legeak adopzioa ezeztatzeko eskubidea eratxiki arren, eratxikipen horrek ez du eragotziko adopzioa aitortzea, baldin eta eskubide horri uko egiten bazaio agiri publikoaren bidez edo Erregistro Zibileko arduradunaren aurrean agerraldia eginez.

6. Ezgaiaren nazioko legeak arautuko ditu ezgaiaren tutoretza eta hura babesteko gainerako erakundeak. Hala ere, ezgaiaren ohiko bizilekuari dagokion legeak arautuko ditu behin-behineko edo presako babes-neurriak.

Espainiako agintari judizialek edo administrazio-agintariek esku hartzen badute tutoretza eta gainerako babes-erakundeak eratzeko formalitateetan, formalitate horiek Espainiako legearen arabera gauzatu beharko dira beti.

Espainiako legea aplikatuko da bertan behera utzitako adingabe edo ezgaien gainean babes- eta hezkuntzaneurriak hartzeko, baldin eta adingabeok edo ezgaituok Espainiako lurraldean badaude.

7. Mantenu-emailearen eta mantenu-hartzailearen nazioko lege erkideak arautuko du ahaideek elkarri mantenua emateko duten eskubidea. Edonola ere, mantenua eskatzen duen pertsonak ezin duenean mantenu hori lortu nazioko lege erkidearen arabera, pertsona horren ohiko bizilekuari dagokion legea aplikatuko da. Bi lege horiek izan ezean, edo bietatik batek ere ez badu ahalbidetzen mantenua jasotzea, mantenuaren erreklamazioa zein agintaritzaren eskumenekoa izan eta agintaritza horren barne legea aplikatuko da.

Naziokotasun erkidea aldatuz gero edo mantenu-hartzailearen ohiko bizilekua aldatuz gero, lege berria aplikatuko da aldaketa-unetik aurrera.

8. Kausatzaileak heriotza-unean zein naziokotasun izan eta naziokotasun horri dagokion legeak arautuko du heriotzaren ondoriozko oinordetza, ondasunen izaera zein den eta ondasunok zein herritan dauden kontuan hartu gabe. Hala ere, testamentuan xedapenak egin eta oinordetza-itunak ordenatu badira, egilespen-unean testamentugilearen edo xedatzailearen nazioko legea zein izan eta lege horrekin bat etorriz, orduan, xedapen eta itun horiek euren baliozkotasunari eutsiko diote, nahiz eta oinordetza arautzen duen legea beste bat izan; edozein kasutan ere, seniparteak azken horri egokituko zaizkio.

Ezkontzaren ondoreak zein legek arautu eta lege berberak arautuko ditu lege-aginduz alargunari eratxikitzen zaizkion eskubideak, betiere ondorengoen seniparteei kalterik egin gabe.

9. Kapitulu honen ondoreetarako, Espainiako legeek jasotako naziokotasun bikoitzen egoerei dagokienez, nazioarteko itunek zehazturikoa bete beharko da; eta, itunok ez badute ezer ezarri, lehenespena izango du azken bizileku ohikoarekin bat datorren naziokotasunak, eta, halakorik izan ezean, eskuratutako azken naziokotasunak.

Espainiako naziokotasunaz gain, norbaitek beste naziokotasun bat badu, eta naziokotasun hori ez badago Espainiako legeetan edo nazioarteko itunetan jasota, Espainiakoak izango du lehentasuna beti. Bi naziokotasun edo gehiago izanik, horietatik bat ere ez bada Espainiakoa, hurrengo paragrafoan ezarritakoa bete beharko da.

10. Ohiko bizilekuari dagokion legea izango da naziokotasunik ez dutenen edo zehaztu gabeko naziokotasuna dutenen lege pertsonala.

11. Pertsona juridikoen naziokotasunak eratortzen du eurei dagokien lege pertsonala, eta horrexek arautuko ditu gaitasun, eraketa, ordezkaritza, jardunbide, transformazio, desegite eta azkentzeari dagozkien guztiak.

Naziokotasun desberdineko sozietateek bat egiten dutenean, kontuan izan beharko dira bakoitzari dagozkion lege pertsonalak.


10. artikulua

1. Ondasun higiezinen gaineko edukitza, jabetza eta beste eskubideak, bai eta horien publizitatea ere, ondasunak non egon eta toki horretako legeak arautuko ditu.

Lege berbera aplikatuko zaie ondasun higigarriei.

Igarobide-ondasunen gaineko eskubideak eratu edo lagatzeari dagokionez, ondasunok nondik igorri eta bertan daudela ulertuko da, salbu eta igortzaileak eta jasotzaileak esanbidez edo isilbidez hitzartu dutenean ondasunok helmugan daudela ulertzea.

2. Ontziak, aireontziak eta burdinbideko garraioak, bai eta euren gain eratutako eskubide guztiak ere, zein tokitako banderapean jarri, matrikula hartu edo erregistroan inskribatu eta toki horretako legearen menpe geratuko dira.

Automobilak nahiz errepideko beste garraioak non egon eta toki horretako legearen menpe geratuko dira.

3. Balore-tituluen jaulkipena non gertatu eta toki horretako legeari egokituko zaio jaulkipen hori.

4. Espainiako lurraldearen barruan, Espainiako legearen arabera babestuko dira jabetza intelektualaren eta industriajabetzaren eskubideak, nazioarteko hitzarmenetan eta itunetan ezarritakoari kalterik egin gabe, Espainia hitzarmen eta itun horien kide den heinean.

5. Kontratu-betebeharrei alderdiek beren beregi aukeraturiko legea aplikatuko zaie, lege horrek zerikusia baldin badu kasuan kasuko negozioarekin; hori gertatu ezean, alderdien nazioko lege erkidea aplikatuko da; lege erkiderik izan ezean, ohiko bizileku erkideari dagokion legea; eta, azken buruan kontratua non egin eta toki horretako legea.

Aurreko lerrokadan xedatutakoa gorabehera, eta alderdiek beren beregi legerik aukeratu ezean, ondasun higiezinen gaineko kontratuei aplikatuko zaie ondasunok non egon eta toki horretako legea; ondasun higigarri gorpuzdunen salerosketak merkataritzako establezimenduetan egiten badira, salerosketa horiei aplikatuko zaie establezimenduak non egon eta toki horretako legea.

6. Alderdiek beren beregi legerik aukeratu ezean, eta 8. artikuluaren 1. paragrafoan xedaturikoari kalterik egin gabe, lan-kontratuak eratorritako betebeharrei aplikatuko zaie zerbitzuak non egin eta toki horretako legea.

7. Dohaintza-emailearen nazioko legeak arautuko ditu beti dohaintzak.

8. Espainiako antolamendu juridikoaren ondoreetarako, Espainian kostu bidezko kontratuak egiten baditu bere nazioko legearen arabera ezgaia den atzerritarrak, kontratuok baliozkoak izango dira, ezgaitasun-arrazoi hori ez dagoenean Espainiako legerian aitortuta. Erregela hori ez da aplikatuko atzerrian dauden ondasun higiezinei buruzko kontratuetan.

9. Egitate batek kontratutik kanpoko betebeharrak eratortzen baditu, egitate hori non gertatu eta toki horretako legeak arautuko ditu halako betebeharrak.

Kudeatzaileak jarduera nagusia non gauzatu eta toki horretako legeak arautuko du negozioen kudeaketa.

Arrazoirik gabeko aberasteari aplikatuko zaio aberastuari ondare-balioa transferitzea eragin duen legea.

10. Betebeharra arautzen duen legea hedatzen zaie betetzearen betekizunei, ez-betetzearen ondorioei, bai eta betebeharraren azkentzeari ere. Dena den, epailearen edo Administrazioaren esku-hartzea behar duten betearazpenmodalitateei aplikatuko zaie betetzea non gertatu eta toki horretako legea.

11. Legezko ordezkaritzari aplikatuko zaio ordezkariaren ahalmenak zein harreman juridikotatik sortu eta harreman horiek arautzen dituen legea; alderdiek beren beregi legerik aukeratu ezean, borondatezko ordezkaritzari aplikatuko zaio emandako ahalmenak zein herritan egikaritu eta herri horretako legea.


11. artikulua

1. Kontratuak, testamentuak eta gainerako egintza juridikoak zein herritan egin eta herri horretako legeak arautuko ditu haien forma eta solemnitateak. Hala ere, horrelakoak egin badira euren edukiari aplikatu beharreko legeak agindutako forma eta solemnitateekin, edota xedatzailearen lege pertsonalarekin nahiz egileen lege erkidearekin bat, orduan ere baliozkoak izango dira. Era berean, ondasun higiezinen gaineko egintza eta kontratuak baliozkoak izango dira, horiek egin badira ondasunok non egon eta toki horretako forma eta solemnitateen arabera.

Egintzok ontziaren edo aireontziaren barruan egin badira hori nabigatzen ari den artean, ulertuko da ontzia zein herritako banderapean jarri, matrikula hartu edo erregistroan inskribatu eta egintzok herri horretan egin direla. Ontzi eta aireontzi militarrak euren estatuko lurraldearen zatitzat hartzen dira.

2. Legeak, egintza eta kontratuen edukia arautzean, forma edo solemnitate zehatz bat ezartzen badu haiek baliozkoak izan daitezen, forma edo solemnitate hori beti aplikatuko da, baita egintza eta kontratuok atzerrian egin direnean ere.

3. Espainiako legea aplikatuko zaie kontratuei, testamentuei eta gainerako egintza juridikoei, baldin eta halakoak eskuetsi badituzte Espainiak atzerrian dituen diplomazia eta kontsulatuetako funtzionarioek.


12. artikulua

1. Espainiako legearen arabera egingo da beti gatazka-arau aplikagarria zehazteko kalifikazioa.

2. Atzerriko zuzenbidera igorpena egiten denean, igorpen hori atzerriko lege materialera egin dela ulertuko da, eta ez da kontuan hartuko atzerriko zuzenbidearen gatazka-arauek Espainiakoaz besteko legeetara egin dezaketen igorpena.

3. Atzerriko legea ez da inoiz aplikagarria izango ordena publikoaren aurkakoa denean.

4. Lege-maulatzat hartuko da gatazka-araua erabiltzea Espainiako aginduzko lege bati itzuri egiteko.

5. Gatazka-arauak igorpena egiten duenean sistema legegile desberdinak dituen estatu bateko legeriara, estatu horretako legeriarekin bat etorriz zehaztuko da sistema horietatik zein aplikatu behar den.

6. Auzitegi eta agintariek ofizioz aplikatuko dituzte Espainiako zuzenbidearen gatazka-arauak.

V. KAPITULUA

Nazioko lurraldean aldi berean indarrean dauden araubide zibilen aplikazio-eremua

13. artikulua

1. Espainian aplikazio orokor eta zuzenekoa izango dute atariko titulu honen xedapenek, legeen ondoreak eta legeen aplikaziorako erregela orokorrak zehazten dituzten neurrian, bai eta 1. liburuaren IV. tituluko xedapenek ere, azken titulu horretan ezkontzaren ondasun-eraentzari buruzkoak direnek izan ezik.

2. Gainerakoan, eta probintzietan nahiz lurraldeetan indarrean dauden zuzenbide bereziak edo foru-zuzenbideak oso-osorik errespetatuz, Kode Zibila ordezko zuzenbide moduan aplikatuko da, baldin eta ez badago probintzia nahiz lurralde horietako arau berezien arabera aplikatu beharreko ordezko zuzenbiderik.


14. artikulua

1. Auzotartasun zibilak eratortzen du zuzenbide zibil erkidearen edo zuzenbide bereziaren nahiz foru-zuzenbidearen menpe egotea.

2. Jaiotakoek auzotartasun zibila izango dute zuzenbide erkideko lurraldean edo zuzenbide bereziko nahiz foruzuzenbideko lurraldean, gurasoen auzotartasuna ere bertakoa bada.

Adopzioaren bidez, adopzio-hartzaileen auzotartasun zibila eskuratzen du adoptatu emantzipatugabeak.

3. Semea edo alaba jaio edo adoptatzean, gurasoek auzotartasun zibil desberdina badute, semearen edo alabaren auzotartasuna izango da horren semealabatasuna lehenengoz bi gurasoetatik zeini begira zehaztu eta guraso horri dagokiona; halakorik izan ezean, jaiotza-tokiari dagokiona; eta, azken buruan, zuzenbide erkideko auzotartasuna.

Hala ere, bi gurasoek, bietatik guraso-ahala egikaritzen duenak edo eratxikipenaren bidez ahal hori jaso duenak, semeari edo alabari ezar diezaioke bataren edo bestearen auzotartasun zibila, baldin eta ez badira sei hilabete igaro jaiotza edo adopzioa gertatu denetik.

Guraso-ahalaren egikaritza kendu nahiz eteteak edo gurasoen auzotartasuna aldatzeak ez du eraginik semealaben auzotartasun zibilaren gain.

Edonola ere, semeak edo alabak, hamalau urte betetzen dituenetik emantzipazioaren osteko urtea igaro arte, aukeratu ahal du, bai bere jaiotzatokiari dagokion auzotartasun zibila, bai bere gurasoetatik edozeinen azkeneko auzotartasuna. Semea edo alaba ez badago emantzipaturik, legezko ordezkariaren laguntza beharko du aukera egitean.

4. Ezkontzak ez du aldatzen auzotartasun zibila. Hala ere, legez edo egitez bananduta ez dagoen ezkontideak beste ezkontidearen auzotartasun zibila aukera dezake edozein unetan.

5. Auzotartasun zibila eskuratzen da.

1) Jarraika eta bi urtetan zehar, toki batean bizilekua izatearekin, baldin eta interesdunak adierazten badu bere borondatea hori dela.

2) Jarraika eta hamar urtetan zehar, toki batean bizilekua izatearekin, epe horretan aurkako adierazpenik egin gabe.

Bi adierazpenok Erregistro Zibilean agerrarazi behar dira, eta ez dira errepikatu behar.

6. Zalantzak izanez gero, lehentasuna izango du jaiotza-tokiari dagokion auzotartasunak.


15. artikulua

1. Atzerritarrak Espainiako naziokotasuna eskuratzen badu, hurrengo auzotartasunetatik bat aukeratu beharko du naziokotasun horren eskuraketa inskribatzean.

a) Bizilekuaren tokiari dagokiona.

b) Jaiotza-tokikoa.

c) Guraso edo adopzio-hartzaileetatik edozeinen azkeneko auzotartasuna.

d) Ezkontidearena.

Interesdunak naziokotasuna eskuratzeko duen gaitasuna kontuan harturik, aukeraren inguruko adierazpen hori egin dezake, bai aukeratzaileak, bere kabuz edo bere legezko ordezkariaren laguntzarekin, bai azken horrek bakarrik.

Naziokotasuna eskuratzen denean adierazpenaren bidez edo legezko ordezkariak egindako eskariaren bidez, horretarako beharrezkoa den baimenak zehaztuko du zein den aukeratu beharreko auzotartasun zibila.

2. Atzerritarrak herritartze-agiriaren bidez eskuratzen badu naziokotasuna, naziokotasuna emateko errege-dekretuak zein auzotartasun zibil zehaztu eta auzotartasun zibil hori izango du atzerritarrak; auzotartasun hori zehazteko kontuan hartuko da atzerritarrak berak eginiko aukera, aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera edo eskaera egiten duenarengan diren beste inguruabar batzuen arabera.

3. Espainiako naziokotasuna berreskuratzeak berarekin dakar interesdunak naziokotasuna galtzean zuen auzotartasun zibila berreskuratzea.

4. Kasuan kasuko lurraldeak legeria berezia edo foru-legeria badu, eta, legeria horren barruan, lurralde horretako eskualde edo herri batek espezialitate zibil berezkoa edo berezia baldin badu, artikulu honetako eta aurreko artikuluko xedapenek arautuko dute eskualde edo toki horrekiko mendetasun pertsonala.


16. artikulua

1. Nazioko lurraldean legeria zibil desberdinak izateagatik lege-gatazkak sortzen badira, gatazka horiek IV. kapituluan jasotako arauekin bat etorriz konponduko dira, hurrengo ñabardurekin.

1) Auzotartasun zibilak eratorriko du lege pertsonala.

2) Ez da aplikagarria izango kalifikazio, igorpen eta ordena publikoari buruz 12. artikuluaren 1, 2 eta 3. paragrafoetan xedatutakoa.

2. Aragoiko Konpilazioan araututako alarguntasun-eskubidea dagokie nortzuei eta konpilazio horretako ezkontzaren ondasun-eraentza duten ezkontideei, nahiz eta gerogarrenean euren auzotartasun zibila aldatu; dena den, kasu horretan, bazter utzi behar da oinordetza-legeak ezarritako senipartea.

Norbaitek, onustez eta kostu bidez, ondasunak eskuratzen baditu, eta ondasun horiek ez badaude kokaturik alarguntasunaren ondoriozko eskubide-igurikimena aitortzen den lurraldean, eskubide hori ezin izango da eskuratzailearen aurka jarri, kontratua lurralde horretatik kanpo egin denean, eskualdatzailearen ezkontzako ondasun-eraentza zein den agerrarazi gabe.

Alargunak, halaber, alarguntasun-gozamena izango du, aurrez hildakoak Aragoiko auzotartasun zibila duenean bere heriotza-unean.

3. Bederatzigarren artikuluko irizpideen arabera, eta, halakorik izan ezean, Kode Zibilaren arabera, Espainiako legeen artean aplikagarria zein izan eta lege horrek arautuko ditu espainiarren arteko ezkontzak dituen ondoreak.

Azken kasu horretan, Kode Zibilak ondasunen banantze-eraentzari buruz araututakoa aplikatuko da, baldin eta, ezkongaien lege pertsonalekin bat etorriz, banantze-sistemak eraendu behar badu ezkontza hori.