Blog
Bizkaiko Foru Aldundiaren 1/2011 Foru Arau berria, martxoaren 24koa, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen Gaineko Zergari buruzkoa
Forulege 2011/04/062011ko apirilaren 1ean, Bizkaian, indarrean sartu da 1/2011 Foru Araua, martxoaren 24koa, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen Gaineko Zergari buruzkoa. Arauaren eraldaketa egiteko arrazoiak zioen azalpenean adierazten dira, jarraiko testuaren bidez:
Hogei urte baino gehiago pasatu dira 1989ko foru araua argitaratu zenetik; denbora horretan, zergan eragina izan duten zeharkako hainbat xedapen onartu dira, eta aldaketa ugari egin dira zerga bera arautzen duen testuan. Azken aldaketek ondorioak izan dituzte zergaren kudeaketan, sistema telematiko berri bat ezarri baita autolikidazioak aurkezteko eta haiei dagokien ordainketa egiteko.
Horrez gainera, zerga arautzeko proiektu berriarekin desagertu egin dira zenbait zehaztugabetasun, eta ordeztu egin dira aurreko foru arauan terminologia zaharkituaren gainean egiten ziren zenbait aipamen. Era berean, foru arauaren testua Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko 2/2005 Foru Arau Orokorreko termino eta kontzeptuei egokitu zaie.
Hala ere, bada beste funtsezko arrazoi bat Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzko martxoaren 21eko 3/1989 Foru Araua ordeztuko duen foru arau berri bat onartzeko: foru arau horren egitura zergak arautzeko eredu zahar baten araberakoa da. Eredu horretan, foru arauak laburrak eta eduki gutxikoak ziren, eta erregelamenduan jasotzen ziren zergari buruzko gainerako arauak.
Eredu hori zaharkitua geratu da erabat, eta, ondorioz, zerga-sistema moderno baten arautegiaren oinarria foru arau luze bat izan behar da, zergaren oinarrizko elementuak zehaztuko dituena, baina, aldi berean, botereen banaketaren printzipio klasikoa errespetatuko duena eta zergaren bigarren mailako alderdiak eta prozedurazkoak erregelamendu baten bidez garatzeko utziko dituena.
Azaldutako arrazoiengatik, foru arau honek ez du alde batera uzten zerga-sistema; alderantziz, foru arau honen helburu bakarra biltze lan bat egitea da, zergadunari Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga konplexu honen arautegia erraz ulertzeko aukera emateko.
Lan kodifikatzaile garrantzitsu honen adibide gisa, salbuespenei buruzko artikuluak nabarmendu behar dira. Salbuespen subjektiboak, objektiboak eta bestelakoak bereizi dira, aurreko foru arauan jaso izan diren aldaketa ugariak eta zeharkako beste arautegi batzuetan jasotako salbuespenak testu bakarrean sartzeko.
Hala ere, biltze lan hori zergan hobekuntzaren bat sartzeko ere baliatu da. Hala, bada, finken errentamenduak egiten direnean, desagertu egin da nahitaez efektu tinbredunen bidez ordaintzeko betebeharra, merkataritzako trafikoa errazteko eta efektu horiek dagoeneko erabiltzen ez direlako.
Era berean, prozedura berriak sartu dira zergan, hala nola notario-indizetik eratorritako informazio errekerimenduak eta efektu tinbredunen truke arrunta.
Azkenik, esan behar da foru arau hau 2011ko apirilaren 1ean jarriko dela indarrean.
Euskal Herriko Foru zuzenbide zibilaren esparruari dagokionez, aurreko Foru arauak ezarritako arauketa mantentzen da saka-eskubidea eta lehentasunez eskuratzeko eskubidean (22. art.) eta antzeko gaietan. Orobat, baserriaren eskualdaketa eta gainontzekoei dagozkienetan ere. Arauketa berria, dagoeneko, www.forulege.com webguneko lege fiskalak alorrean barruraturik dago.

