faq

Zein dira testamentu mankomunatuari buruzko arau zehatzak, Gipuzkoako Foruan?

Gipuzkoan, testamentu mankomunatuaren bitartez, ezkontideek baserriaren gaineko oinordetza antolatu ahal dute, agerkai bakar batean; agerkai honetan, gainerako ondasunak ere xedatu ahal dira. Edozein kasutan ere, testamentu mankomunatua, nahitaez, irekia izan behar da eta notarioaren aurrean egiletsi behar da. Ezkontzaren deuseztasunari, dibortzioari eta banantzeari buruzko epaiek eraginik gabe utziko dituzte ezkontideek testamentu mankomunatuan egindako eskuzabaltasunak. Epai horiek, halaber, eraginik gabe utziko dituzte ezkontideetatik edozeinek bere herentziaren gainean egindako xedapenak, baldin eta xedapenon eragile izan badira beste ezkontideak egindako xedapenak.  Egilesleak bizirik dauden bitartean, bi ezkontideek batera ezeztatu edo aldarazi ahal dute testamentu mankomunatua; horretarako bete beharko dituzte egilespenerako bete behar dituzten formalitate berberak, edo, bestela, oinordetza-ituna egin dezakete. Aldebakarreko ezeztapena edo aldarazpena onartuta dago, orobat, notarioaren aurreko testamentu irekian edo oinordetza-itunean eginez gero; alabaina, aldebakarreko ezeztapen edo aldarazpen horrek ondorioak izango ditu, bakar-bakarrik, beste ezkontideari sinesgarriro jakinarazten zaionetik. Aldebakarreko ezeztapenak edo aldarazpenak eragina badu xedapen jakin baten gainean, eta xedapen horren eragile izan bada beste testamentugileak egiletsitako xedapenen bat, orduan eraginik gabe geratuko dira elkarrekiko xedapen guztiak. Behin ezkontideetatik bat hilda, besteak ezin ditu ezeztatu ez aldarazi bere herentziaren gainean egiletsitako xedapenak, baldin eta horien eragile izan badira aurrez hildako ezkontideak egindakoak. Alargunak ezin ditu, berebat, doan xedatu elkarrekiko xedapenen mendeko ondasunak, salbu eta doako xedapena egiten duenean testamentu mankomunatuan onuradun izendatutako pertsonaren edo pertsonen mesederako.

<<Atzera
faq
AVD Academia vasca de derecho · ZEA zuzenbidearen euskal akademia

AVD · ZEA · Academia Vasca de Derecho · Zuzenbidearen Euskal Akademia
Recalde zumarkalea, 8. zk, 1.solairua, eskuina. 48009 Bilbo. Tel.: (+34) 94 425 57 15 - Faxa: (+34) 94 424 64 99
moc.aez-dva@airaterces
Babesleak:
Eusko Jaularitza. Justizia eta Herri Administrazio Saila
Justizia eta Herri Administrazio Saila
ivap
bbk
bizkaia
Laguntzailea:
Foru Zuzenbidea Ikertzeko Taldea - Bilbao
Euskal Zuzenbide Zibila Ikertzeko Taldea
©2009-2024. AVD-ZEA. Lege-oharra