faq
Egia al da, foru-komunikazioaren araubidea desegin eta likidatzeko orduan, desberdin jokatu behar dela, ezkontza zerk desegin duen kontuan hartuta?
Bai, egia da. Ezkontza desegiten bada, ezkontideetatik bat, seme-alabak edo ondorengo erkideak dituela, hiltzeagatik, foru-komunikazioa sendotu egiten da eta ondasun-erkidego bihurtzen da, ondasunak zatitu eta adjudikatu arte; erkidego horretan, titularkide izango dira, alde batetik, alarguna, eta, beste alde batetik, aurrez hildakoaren seme-alaba edo ondorengoetatik batzuk, hain justu ere, haren oinordeko direnak. Nolanahi den ere, foru-komunikazioa azkentzen bada ezkontideetatik bat hiltzeagatik, baina ondorengo erkiderik utzi gabe, edo foru-komunikazioa azkentzen bada banantze-, dibortzio- edo deuseztasun-epaia eman delako, orduan ezkontide bakoitzari dagozkio berarengan jatorria duten ondasunak, eta horiekin eskuratutakoak, eta horiek saldu eta salmenta-prezioarekin eskuratutakoak. Eskuraketa egiteko, zati batean behintzat, beste jatorri bateko ondasunak erabili badira, orduan ondasun horien titularrei dagozkie, indibisoan, bakoitzak jarri duen zenbatekoaren arabera. Irabazitako ondasunak bi ezkontideen artean banatzen dira erdi bana. Baldin eta familiaren intereserako gastatu bada ezkontide baten ondasuna edo horren balioa, orduan horren balio eguneratua kontuan hartzen da, irabazitako ondasunekin hori ordaintzeko; eta, irabazitako ondasunak horretarako nahikoa ez badira, beste ezkontideak ordainduko du alde horretatik proportzioz dagokion zatia, bataren eta bestearen ondasunek zein balio duten gogoan izanik. Bukatzeko, foru-komunikazioa azkentzen bada, ezkontzaren araubide ekonomikoa aldatzeagatik, itundutakoa beteko da, eta, horren ezean, aplikagarria izango da ezkontideetatik bat ondorengorik gabe hiltzean xedatutakoa.