faq
Bizkaiko foru-legerian, zein dira testamenturik gabeko oinordetzaren ezaugarri nagusiak?
Bizkaiko Foruaren arabera, testamenturik gabeko oinordetza gauzatzen da, lehenengo eta behin, seme-alaben mesederako, berezko eskubidearen bitartez, eta gainerako ondorengoen mesederako, ordezkapen-eskubidearen bitartez.
Ondorengorik izan ezean, herentziara deitzen zaie aurrekoei, eta, horien artean, nahitaez bereizi behar dira, batetik, (aitarenganako eta amarenganako) lerro bietan diren ondasun tronkalak, eta, bestetik, ondasun ez-tronkalak.
Ondorengorik eta aurrekorik izan ezean, alarguna izango da oinordeko, albokoak baino lehenago, ondasun ez-tronkal guztietan; gainerako kasuetan, alargunak bere seniparteari, hau da, gozamen-eskubideari eusten dio (herentziaren erdiaren gainean, ondorengoekin batera eta aurrekoekin batera herentziara deitzen zaionean, eta, bestela, herentziaren bi herenen gainean).
Aurrekorik eta alargunik izan ezean, ondasun ez-tronkalak albokoenganako bi lerroen artean erdibanatuko dira, laugarren graduraino, lerro bateko nahiz besteko senideen hurbiltasuna edozein izanik ere; lerroetatik batean ere ez badago alboko seniderik, ondasun ez-tronkal guztiak izango dira alboko senideak zein lerrotan egon eta lerro horretako senideentzat.
Bukatzeko, albokorik izan ezean, herentziara deituko zaio kausatzailearen auzotasuna zein izan eta lurralde historiko horretako foru-aldundiari.