faq

  • Zer da Bizkaiko tronkalitatea eta zein da tronkalitate horren helburua?

    Tronkalitatea Bizkaiko foru-zuzenbide zibilaren oinarrizko erakundeetatik bat da, eragina duelako familia- nahiz oinordetza-erakunde guztien gainean. Bizkaiko tronkalitatea beste foru-lurralde batzuetakoa baino zabalagoa da. Bizkaiko tronkalitateak bi osagai ditu: pertsonala edo subjektiboa eta erreala edo objektiboa. Osagai pertsonalari dagokionez, ondasunen titularrarekin senidetasun jakin bat izan behar da; senidetasun hori beti zehazten da, Lur lauan kokatutako onibarrari begira. Hori guztia dela eta, ondasunen titularra identifikatzeaz gain, oina bera eta senide tronkeroak identifikatu behar dira. Osagai errealari dagokionez, tronkalitateak eragina du ondasun jakin batzuen gainean; ondasunok, nahitaez, Bizkaiko Lur lauan kokaturiko onibarrak izan behar dira. Ondasun horiei ondasun tronkal deritze. Bizkaiko tronkalitateak, beraz, bi osagai horiek ditu. Bi-biak kontuan hartuta, ondasun tronkalak dira, horien karia edo jatorria kontuan hartuta:

    - Ondorengoenganako lerroan, Lur lauan kokatutako onibar guztiak, horiek eskuratzeko titulua edozein izanik ere, nahiz eta arrotzei eskuratutakoak izan.

    - Aurrekoenganako lerroan eta albokoenganako lerroan, Lur lauan kokatutako onibar guztiak, baldin eta oinordeko/eskuratzailearen oin erkidearenak izan badira, eta oinordetzaren kausatzaile/eskualdatzailearenak ere bai, azken horrek arrotzei eskuratu dienean barne.

    Era berean, ondasun tronkalak dira trukaketa bidez eskuratutakoak, bai eta kostu bidezko beste edozein titulutatik eskuratutakoak ere, baldin eta ondasun tronkalen lekuan subrogatu badira Infantzonatuan edo Lur lauan kokaturiko beste ondasun batzuk.

    Bizkaiko tronkalitatearen helburua da ondarearen familia-izaera babestea. Tronkalitatearen ondorioz, onibarren titularrak horiek xedatu ahal izateko, senide tronkeroen eskubideak errespetatu behar ditu. Hortik ateratzen da tronkalitatea, izatez, xedatzeko askatasunari jarritako muga bat dela; orobat, senide tronkeroek ondasun tronkalak eskuratzeko duten igurikimena ere bada.


<< Atzera

faq
AVD Academia vasca de derecho · ZEA zuzenbidearen euskal akademia

AVD · ZEA · Academia Vasca de Derecho · Zuzenbidearen Euskal Akademia
Recalde zumarkalea, 8. zk, 1.solairua, eskuina. 48009 Bilbo. Tel.: (+34) 94 425 57 15 - Faxa: (+34) 94 424 64 99
moc.aez-dva@airaterces
Babesleak:
Eusko Jaularitza. Justizia eta Herri Administrazio Saila
Justizia eta Herri Administrazio Saila
ivap
bbk
bizkaia
Laguntzailea:
Foru Zuzenbidea Ikertzeko Taldea - Bilbao
Euskal Zuzenbide Zibila Ikertzeko Taldea
©2009-2024. AVD-ZEA. Lege-oharra