faq
-
Zer dira itzulketak? Bizkaiko Foruak zein itzulketa-mota arautzen du?
Erreserbekin eta seniparteekin gertatzen den bezala, itzulketak ere testamentugilearen askatasunari jarritako mugak dira.
Euskal Herriko Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Legeak, Bizkaiko lurraldean, bi itzulketa-mota arautzen ditu, eta biek ere eragina dute ondasun ez-tronkalen gainean. Alde batetik, aipatu legearen 91. artikuluaren arabera, aurrekoek euren seme-alaba edo ondorengoei ondasun ez-tronkalak eman badizkiete, eta seme-alaba edo ondorengo horiek haiek baino lehen hil badira, ondorengorik utzi gabe, orduan aurrekoak dira ondasunon oinordeko, baldin eta dohaintzan emandako objektuak eurak oinordetzan badaude oraindik; besterendu badira, oinordeko izango dira, dohaintza-hartzaileak ondasun horien inguruan dituen akzio guztietan; eta, saldu badira, prezioan, eta, trukatu edo aldatu badira, ordezko moduan jasotako ondasunetan. Eta, beste alde batetik, aipatu legearen 92. artikuluaren arabera, dohaintza-emaileari itzuliko zaizkio mantenu-zamarekin berak dohaintzan emandako ondasunak, baldin eta dohaintza-hartzailea hil bada, dohaintza-emailea bizirik dagoela, seme-alabarik edo ondorengorik utzi gabe; kasu horretan, dohaintza-hartzaileak ezin izango du, dohaintza-emailea bizirik dagoela, dohaintzan jasotako ondasunak besterendu, zamatu edota xedatu, doan, ez inter vivos ez mortis causa, haren seme-alaba edo ondorengoen mesederako ez bada.
<< Atzera