Aurkezpena

Forulege da Zuzenbidearen Euskal Akademiak euskal zuzenbide zibilari buruz garatu duen datu-basea. Izatez, lehenengo ahalegina da, euskal zuzenbide zibilaren oinarrizko kontzeptuak plazaratzeko, informazioaren teknologia berriak baliatuta.

Zuzenbidearen Euskal Akademiak, sorreratik bertatik, hau da, 2003. urtetik, helburu du, batetik, euskal zuzenbide zibilaren edukiak lanbidearen ikuspuntutik lantzea, eta, bestetik, euskal zuzenbide zibila ikusmira akademikotik aztertu eta ikertzea.

Forulege izeneko datu-baseak erabiltzailearen esku jartzen ditu euskal zuzenbide zibilaren arloan indarrean dagoen legeria, arlo zehatz horren inguruko jurisprudentzia, kasuan kasuko bibliografia eta eremu horretan erabilgarri gerta daitezkeen formularioak.  Datu-baseak, orobat, galdera eta erantzunen atala (FAQ) eskaintzen dio erabiltzaileari.  Bukatzeko, atal desberdinetara bildutako informazio guztia batera kontsulta daiteke, eta, horretarako, bilaketa-sistema desberdinak erabil daitezke: aurrenik, bilaketa-sistema librea balia daiteke; hurrenik, bilaketa-sistema azkarra aukera daiteke, aldez aurretik zehaztutako sarrerak bistaratuta; eta, azkenik, bilaketa gidatua erabil daiteke, horrek kontuan hartzen baititu, dela euskal zuzenbide zibilaren lurraldetasuna, dela zuzenbide horren agerpen zibilak nahiz fiskalak.

Ezaugarriak 

Forulege ez da datu-base itxia, ezta hurrik eman ere.  Guztiz irekita dago, eta gerogarreneko garapenek horixe erakutsiko dute. Zinez, Zuzenbidearen Euskal Akademiak bere gain konpromisoa hartu du, halako garapenak burutzeko, euskal zuzenbide zibilaren arloan erreferentzia izan nahi baitu akademiak.

Eduki berriak 2010

2010. urtean zehar bibliografiari gehitu zaizkio 65 sarrera berriak, modu alfabetikoan eta gaien arabera sailkaturik. Orobat, bertaratu dira Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia zibila, euskal zuzenbide zibilari buruzkoa eta ENZN delakoaren ebazpenak. Bi horiek hasiera-hasieratik barneratu dira. Modu horretan areagotu dira jurisprudentziaren inguruko kontsultak egiteko aukerak, dela modu kronologikoan, dela modu sistematikoan. Judizioz kanpoko formularioak ere indartu dira. Nabarmenagoa da orain erabiltzailearekin lotura, forulege.blog delakoa sortu delako. Honen helburua da euskal zuzenbide zibilaren inguruko albisteak zabaltzea eta kontsultak ere aintzat hartzea.

Ekarpen berri hauek egiteko, ezinbestekoa izan da Gontzal Aizpurua Ondaro abokatua eta Bizkaiko Jaurerriaren abokatu bazkun ohoretsuaren zuzendaritzakidearen laguntza, jurisprudentziaren alorrean eta Jesús Fdez. de Bilbao abokatuarena judizioz kanpoko formularioetan. Bioi eskerrak.

Parte-hartzaileak

Forulege izeneko datu-basea garatzeko orduan, hainbat izan dira parte-hartzaileak, guztiak ere Zuzenbidearen Euskal Akademiaren zuzendaritzapean. Zuzenbidearen Euskal Akademiaren lehendakariordea, Andres Urrutia Badiola jauna, proiektuaren koordinazioaz arduratu da, betiere Zuzenbidearen Euskal Akademiaren zuzendaritza-batzak, Adrián Celaya Ibarra jauna buru, lan guztiak gainbegiratu dituela. Proiektua burutzeko ardura izan dute, alde batetik, Esther Urrutia Idoiaga andreak; berak prestatu ditu formularioak, eta gehien egiten diren galderak eta horien erantzunak, eta, horrekin batera, gai guztietan euskararen presentzia bermatzeko ahaleginak egin ditu. Bestetik, Francisco Javier Arrieta Idiakez jaunak jurisprudentzia eta bibliografia sistematizatu ditu, eta datu-basean egoki txertatu. Alberto Atxabal Rada jaunak, bestalde, euskal zuzenbide zibilaren inguruko arazo fiskal guztiak landu ditu. Eta, bukatzeko, Aitor Saizar Antxustegi jaunak zeregin teknikoak bereganatu ditu,  PLAZAGUNEA, S.L. deituriko enpresak aholku teknologikoak eman dituela.

Eskerrak ematea

Eskerrak emateko atal honetan, ezinbestekoa da Bizkaia Jaurerriko Abokatuen Bazkun Ohoretsuaren Foru zuzenbideari buruzko ikerketa taldea aipatzea; batzorde horrek, Txemi Gorostiza Vicente jauna buru, parte-hartze nabaria izan du, besteak beste, Tatiana González San Sebastián, Juan Carlos Martínez Salazar, Alkain Oribe Mendizabal eta Gontzal Aizpurua Ondaro jaun-andreen bitartez. Eskerrak eman behar zaizkie, era berean, Eba Gaminde Egia andreari eta César Gallastegi Aranzabal jaunari, proiektuaren hasieran egin zituzten lan eta ekarpenengatik. Eskerrak, orobat, Félix María González de Echavarri Ara eta Larraitz Franco Galarraga notarioei, Gipuzkoako formularioak prestatzeko eman duten laguntzarengatik, eta Jaime Fernández Ostolaza notarioari, Arabako formularioak prestatzeko eman duen laguntzarengatik. Eta eskerrak, berebat, Eusko Jaurlaritzaren Justizia eta Herri Administrazio Sailari, BBK-ri eta Bizkaiko Foru Aldundiari, eguneroko zereginetan laguntza ematen diotelako Zuzenbidearen Euskal Akademiari.

 

Aurkezpena
AVD Academia vasca de derecho · ZEA zuzenbidearen euskal akademia

AVD · ZEA · Academia Vasca de Derecho · Zuzenbidearen Euskal Akademia
Recalde zumarkalea, 8. zk, 1.solairua, eskuina. 48009 Bilbo. Tel.: (+34) 94 425 57 15 - Faxa: (+34) 94 424 64 99
moc.aez-dva@airaterces
Babesleak:
Eusko Jaularitza. Justizia eta Herri Administrazio Saila
Justizia eta Herri Administrazio Saila
ivap
bbk
bizkaia
Laguntzailea:
Foru Zuzenbidea Ikertzeko Taldea - Bilbao
Euskal Zuzenbide Zibila Ikertzeko Taldea
©2009-2024. AVD-ZEA. Lege-oharra