Blog

F.J. Arrieta Idiakez autorearen "Lan Zuzenbidea" eskuliburuaren 6. argitaraldia plazaratu berri da

Forulege 2023/10/04

Francisco Javier Arrieta Idiakez jaunak, Deustuko Unibertsitateko Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko irakasle titular eta Zuzenbidearen Euskal Akademiako Zuzendaritza Batzako kide denak, Lan Zuzenbidea eskuliburuaren 6. argitaraldia plazaratu berri du (Dykinson argitaletxea, ISBN 978-84-1170-478-6, 391. orr.).

Argitaraldi berri honetan, 2012an lehenengo argitaraldia plazaratu zuenetik egin ohi duen bezala, lan-zuzenbideko erakunde juridikoei dagokienez jorratu ditu oinarrizko edukiak eta zehaztasun edo sakontasun handiagoko aldeak, jurisprudentziak eta doktrina zientifikoak etenik gabe egindako ekarpenen ondorio direnak.

Horrela, aztertu diren gaien artean daude lan-zuzenbidearen nondik norakoak, iturrien sistema, lan-kontratuaren teoria orokorra, lan-kontratuaren modalitateak, lan-kontratuko subjektuen eskubide eta betebeharrak, lan-denbora eta atsedenaldiak, lan-kontratuak izan ditzakeen gorabeherak eta lan-harreman kolektiboak. Gainera, gai bakoitza praktiken atalarekin bukatzen da, ikasi beharrekoa behar bezala berrikustea ahalbidetzeko.

Zehatzago, 2023ko abuztuan zarratu zen argitaraldi honetan, kontuan hartu dira lan-zuzenbidean 2022ko irailetik dagoen jurisprudentziarik garrantzitsuena eta hainbat arauk gauzatutako aldarazpenak. Halako arauen artean hurrengoak dira nabarmendu beharrekoak: uztailaren 12ko 15/2022 Legea, oso-osokoa, tratu-berdintasunerako eta bereizkeriarik ez egitekoa; irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoa, sexu-askatasuna oso-osoan bermatzekoa; abenduaren 30eko 39/2022 Legea, Kirolari buruzkoa; otsailaren 28ko 1/2023 Lege Organikoa, martxoaren 3ko 2/2010 Lege Organikoa, sexu- eta ugalketa-osasunari eta haurdunaldia borondatez geldiarazteari buruzkoa, eraldatzekoa; otsailaren 28ko 3/2023 Legea, Enpleguari buruzkoa; otsailaren 28ko 4/2023 Legea, trans pertsonen benetako eta eragingarria den berdintasunerakoa eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzekoa; martxoaren 16ko 2/2023 Errege Lege-dekretua, presako neurriei buruzkoa, pentsiodunen eskubideak gehitu, genero-arrakala gutxitu eta pentsioen Sistema publikoaren jasangarritasun-esparru berria ezartzeko; ekainaren 28ko 5/2023 Errege Lege-dekretua, ekainaren 20ko Europar Batasuneko 2019/2023 Zuzentaraua, gurasoen eta zaintzaileen familia- eta lanbide-bizitzak uztatzeari buruzkoa, transponitzeari dagokionez; uztailaren 11ko 608/2023 Errege Dekretua, Enplegua Malgutzeko eta Egonkortzeko RED Mekanismoa garatzekoa; eta uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretua, Lanbide Prestakuntzaren Sistemaren arauketa garatzekoa..

Gainera, nabarmendu behar da hori guztia sakontasunez euskaraz aztertu duen eskuliburu bakarra dela hemen aurkeztu dena.

<< Atzera

Iruzkina egin   Partekatu: facebook Facebook   twitter Twitter
AVD Academia vasca de derecho · ZEA zuzenbidearen euskal akademia

AVD · ZEA · Academia Vasca de Derecho · Zuzenbidearen Euskal Akademia
Recalde zumarkalea, 8. zk, 1.solairua, eskuina. 48009 Bilbo. Tel.: (+34) 94 425 57 15 - Faxa: (+34) 94 424 64 99
moc.aez-dva@airaterces
Babesleak:
Eusko Jaularitza. Justizia eta Herri Administrazio Saila
Justizia eta Herri Administrazio Saila
ivap
bbk
bizkaia
Laguntzailea:
Foru Zuzenbidea Ikertzeko Taldea - Bilbao
Euskal Zuzenbide Zibila Ikertzeko Taldea
©2009-2024. AVD-ZEA. Lege-oharra