Blog

Francisco Javier Arrieta Idiakezek Gizarte Segurantza eskuliburua argitaratu berri du

Forulege 2016/03/22

Deustuko Unibertsitateko Lanaren eta Gizarte Segurantzaren irakasle titular eta Zuzenbidearen Euskal Akademiako Zuzendaritza Batzako kide den Francisco Javier Arrieta Idiakezek Gizarte Segurantza eskuliburua argitaratu berri du, 2016ko otsailean (Bilbo: Gomylex, 239 orr. ISBN: 978-84-15176-63-3). Berau Gizarte Segurantzaren alde garrantzitsuenak osotasunean jorratu dituen euskarazko lehenengo lana da. Goi Mailako Hezkuntzaren Europako Esparrura egokituta, lan hau zazpi gaik osatzen dute, denak ere labur, zuzen eta erraz antolatutakoak, gaira modu egokian hurbiltzea ahalbidetzeko xedearekin. Gainera, azalpenak osatu dira informazio gehigarriarekin eta eguneratutako arautegi eta jurisprudentziarekin. Zehatzago, zazpi gai horien egiturak irizpide logiko eta koherentea du oinarri, abiapuntu izanik urriaren 30eko 8/2015 Legegintzazko Errege Dekretua, Gizarte Segurantzako Lege Orokorraren testu bategina Onestekoa, hain zuzen, 2016ko urtarrilaren 2an indarrean jarritakoa. Horrela, Gizarte-babesak historian zehar izandako bilakaera eta Gizarte Segurantzaren Sistemak Espainian izandako bilakaera aztertu ondoren, Gizarte Segurantzaren Sistemaren araubide publikoari erreparatu zaio. Bada, hurrengoak dira araubide publikoari dagokionez jorratu diren gaiak: kudeaketa, aplikazio-esparrua eta kontribuzio-adarraren harreman juridiko instrumentalak, hau da, kokatze-egintzak (enpresaburua inskribatzea, langileak afiliatzea eta langileei altak eta bajak ematea), kotizazioa eta Sistemak eskainitako prestazioak, gaur egun estaldura ideala osatzen duten gertakizunak eta arriskuak aintzat hartuta.

Horrenbestez, lan honekin, Arrieta Idiakez irakasleak jarraipena eman dio lan-arloko eskuliburuak euskaraz sortzearen inguruan hasi zuen bideari. Esangura horretan, nabarmendu behar da bereak direla Lan-zuzenbidea I (Bilbo: Gomylex, 2014, 319 orr. ISBN: 978-84-15176-44-2) eta Lan-zuzenbidea II (Bilbo: Gomylex, 2015, 235 orr. ISBN: 978-84-15176-53-4) eskuliburuak ere, banakako lan-harremanak eta lan-harreman kolektiboak aztertu dituztenak.

Hiru eskuliburuen azalak atxiki dira, bai eta Gizarte Segurantza eskuliburuaren aurkibidea ere.

<< Atzera

Iruzkina egin   Partekatu: facebook Facebook   twitter Twitter
AVD Academia vasca de derecho · ZEA zuzenbidearen euskal akademia

AVD · ZEA · Academia Vasca de Derecho · Zuzenbidearen Euskal Akademia
Recalde zumarkalea, 8. zk, 1.solairua, eskuina. 48009 Bilbo. Tel.: (+34) 94 425 57 15 - Faxa: (+34) 94 424 64 99
moc.aez-dva@airaterces
Babesleak:
Eusko Jaularitza. Justizia eta Herri Administrazio Saila
Justizia eta Herri Administrazio Saila
ivap
bbk
bizkaia
Laguntzailea:
Foru Zuzenbidea Ikertzeko Taldea - Bilbao
Euskal Zuzenbide Zibila Ikertzeko Taldea
©2009-2024. AVD-ZEA. Lege-oharra