Blog

Don Francisco Javier Arrieta Idiakez, ha publicado la 5ª edición de su manual "Lan Zuzenbidea"

Forulege 27/10/2022

Francisco Javier Arrieta Idiakez jaunak, Deustuko Unibertsitateko Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko irakasle eta Zuzenbidearen Euskal Akademiako Zuzendaritza Batzako kide denak, Lan Zuzenbidea eskuliburuaren 5. argitaraldia plazaratu berri du (Dykinson argitaletxea, ISBN 978-84-1122-549-6, 384. orr.).

Argitaraldi berri honetan, 2012an lehenengo argitaraldia plazaratu zuenetik egin ohi duen bezala, lan-zuzenbideko erakunde juridikoei dagokienez jorratu ditu oinarrizko edukiak eta zehaztasun edo sakontasun handiagoko aldeak, jurisprudentziak eta doktrina zientifikoak etenik gabe egindako ekarpenen ondorio direnak.

Horrela, aztertu diren gaien artean daude lan-zuzenbidearen nondik norakoak, iturrien sistema, lan-kontratuaren teoria orokorra, lan-kontratuaren modalitateak, lan-kontratuko subjektuen eskubide eta betebeharrak, lan-denbora eta atsedenaldiak, lan-kontratuak izan ditzakeen gorabeherak eta lan-harreman kolektiboak. Gainera, gai bakoitza praktiken atalarekin bukatzen da, ikasi beharrekoa behar bezala berrikustea ahalbidetzeko.

Zehatzago, 2022ko abuztuan zarratu zen argitaraldi honetan, kontuan hartu dira lan-zuzenbidean 2021eko irailetik dagoen jurisprudentziarik garrantzitsuena eta hari begira hainbat arauk gauzatutako aldarazpenak. Halako arauen artean hurrengoak dira nabarmendu beharrekoak: abenduaren 28ko 32/2021 Errege Lege-dekretua, lan-eraldaketarako, enpleguan egonkortasuna bermatzeko eta lan-merkatua transformatzeko presako neurriei buruzkoa; martxoaren 15eko 4/2022 Errege Lege-dekretua, horren xedapen iragankorretan LELTBren 47bis artikuluaren zenbait alde garatu diren heinean; martxoaren 22ko 5/2022 Errege Lege-dekretua, jarduera artistikoak gauzatzen dituzten pertsonen nahiz jarduera artistiko horiek gauzatzeko beharrezkoak diren jarduera teknikoak eta laguntza-izaerakoak gauzatzen dituzten pertsonen lan-harremanen arauketa egokitzekoa, eta sektoreko lan-baldintzak hobetzekoa; eta martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoa, Lanbide Heziketa antolatu eta bateratzekoa.

Aipamen berezia merezi du gauzatu den azterketa, bateko, 32/2021 Errege Lege-dekretuak araututako kontratu-modalitate berrien gainean (jarraitutasunik gabeko lan-kontratu finkoa, ekoizpen-inguruabarrengatiko lan-kontratua, langilea ordezteko lan-kontratua eta prestakuntzarako lan-kontratuaren bi modalitateak), eta, besteko, aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente mota guztien eta horiek gauzatzeko prozeduren gainean. Gainera, nabarmendu behar da hori guztia sakontasunez euskaraz aztertu duen eskuliburu bakarra dela hemen aurkeztu dena.

 

<< Volver

Comentar   Compartir: facebook Facebook   twitter Twitter
Escribir comentario








AVD Academia vasca de derecho · ZEA zuzenbidearen euskal akademia

AVD · ZEA · Academia Vasca de Derecho · Zuzenbidearen Euskal Akademia
Alda. Recalde 8, 1º dcha. 48009 Bilbao. Tel.: (+34) 94 425 57 15 - Fax: (+34) 94 424 64 99
moc.aez-dva@airaterces
Patrocinadores:
Eusko Jaularitza. Justizia eta Herri Administrazio Saila
Departamento de Justicia y Administración Pública
ivap
bbk
bizkaia
Colaborador:
Foru Zuzenbidea Ikertzeko Taldea - Bilbao
Grupo de Estudio de Derecho Civil Vasco
©2009-2022. AVD-ZEA. Aviso legal